Eskubaloilari urretxuarrak Suedia-Espainia partidan 20 bat minutu jokatu du, eta gol bat sartu du.
Imanol Gartziandia Alustiza eskubaloi jokalariak (Urretxu, 1995) Parisko Olinpiar Jokoak probatu ditu. Gaur arratsaldean Suedia-Espainia partidan egin du debuta, bigarren taldearekin. Aurreneko Jokoak ditu.
Lehenengo zatian hiruzpalau minutu bakarrik jokatu du eskuin lateralak. Bi jaurtiketa egiteko denbora eman dio; atezain suediarrak geratu dio, bestea sarez kanpora joan zaio. 18 zenbakiarekin aritu da urretxuarra.
Bigarren zatian protagonismo handiagoa eduki du. 34. minutuan atera du Jordi Rivera entrenatzaileak, Espainia jokalari bat gutxiagorekin ari zela. Wallinnius erraldoia defenditzea tokatu zaio. Erasoan, jaurtiketa bat geratu diote, aldaratzea berak hartu eta berriz sarera sartu badu ere, area zapaldu duenez ez du balio izan. Hurrengo jokaldian, ordea (39.minutua), eskuin lateraletik urrutiko jaurtiketa bat luzera eta gora bota du, eta partidako bere gol bakarra sartu du.
Beste bi jaurtiketarekin ere saiatu da geroago, baina batek kanpora alde egin dio, eta bestea atezainak geratu dio. Bi minutuko kaleratze batetik ere libratu da, epaileak okerrez Garcia-Magallon taldekidea egotzi baitu, Gartziandiak defentsan suediar bati eman dion kolpea hark jo diolakoan.
Suediak 29 eta 26 irabazi dio Espainiari. Atsedenaldian 11na berdinduta ziren arren, suediarrak partida guztian pare bat goleko aldearekin aurretik joan dira, eta bigarren zatian handitu egin dute aldea. Ikurrina bat ere ikusi da harmailan.