Ostiralean Joko Olinpikoak hasi ziren, Parisen. Lehen aldiz, Urretxuk eta Zumarragak ordezkari bana izango dute: Imanol Gartziandia Alustiza eskubaloi jokalari urretxuarra eta Elene Lete Para futbolari zumarragarra. Beraien aurretik, beste lau herritarrek parte hartu dute Jokoetan. Lehenengoa Antonio Juantegi Eguren (Zumarraga, 1898-Donostia, 1966) futbol jokalaria izan zen. 1924ko Jokoetan parte hartu zuen. 52 urte pasa behar izan ziren beste herritar bat Joko Olinpikoetan ikusteko. Juan Jose Moral Arnaiz (Burgos, Espainia, 1951) txirrindularia izan zen. Arnaiz Euskal Herritik kanpo jaio zen, baina umetan Goierrira etorri zen. Legazpin bizi izan zen eta egun Zumarragan bizi da. 1976an Montrealen (Kanada) egin ziren Jokoetan parte hartu zuen. Hirugarrena Iñaki Urdangarin Liebaert (Zumarraga, 1968) eskubaloi jokalaria izan zen. Bera izan da dominak lortu dituen bakarra. 1992ko, 1996ko eta 2000ko Jokoetan parte hartu zuen eta brontzezko bi domina lortu zituen. Gartziandiaren eta Leteren aurreko olinpikoa Susana Fraile Zelaia (Zumarraga, 1978) eskubaloi jokalaria izan zen. 2004an Atenasen egin ziren Jokoetan parte hartu zuen.
GoiBerri aldizkariak Susana Fraileri aurtengo uztailean egindako elkarrizketa irakurtzeko, sakatu hemen.
Eta horra hor Otamotz aldizkariak Susana Fraileri 2004ko ekainean, Atenasera joan aurretik, egindako elkarrizketa.