Arcelorren lantegia ireki nahi duen armagintza enpresak aisialdirako errifleak egiten dituela azaldu du EH Bilduk
Zumarragako EH Bilduk “berriz ere” etorkizun industrialari buruzko eztabaida ukatu zaiola salatu du. Horra hor komunikabideetara igorri duen oharra:
“Behin baino gehiagotan atera da prentsan Zumarragako alkatea, aldebakartasunez hartutako erabakiaren berri emanez. Hau da, Arcelorreko lurretan arma enpresa bat kokatzen ez uztearena. Baieztapen horien garrantzia ikusita eta udal batzordeetan eta enpresa eremuan hainbat kontraste egin ondoren, hurrengo hausnarketa partekatu beharrean aurkitzen gara.
Herritarrek jakin behar dutena zera da: Arcelorreko lurretan kokapen berri baterako interesa agertu zuen armagintza enpresa gure eskualdetik oso gertu dagoen enpresa bat dela, gure udalerriko langileak dituena eta euskal industria talde handienetako baten kidea dela. Enpresa hori aisialdirako errifleak egiten aritzen da. Egiten dituzten errifle motagatik, erabilera militarrik ez duten armak dira.
Alkateak behin eta berriz egindako adierazpenen aurrean, gobernu taldeari erabaki horren inguruan galdetu genion eta Mikel Serrano alkateak bere gain hartu zuen udal gobernuak enpresa hori ezartzeari uko egitearen erantzukizun osoa, bere ustez “ez baitzen bere enpresa eredua”.
Hartutako erabakia egokia den ala ez bezalako balorazioetan sartu gabe, esan behar dugu bigarren aldia dela herritarroi gure udalerriaren etorkizun industrialari buruzko eztabaida ukatzen zaiguna. Aldebakartasunez plastiko errauskailu bat ezartzen saiatu zen eta era berean, alkateak, eta ondorioz, udal gobernuak, bere egoitza guztien artean 400 langile dituen enpresa bat Zumarragarentzat egokia ez zela erabaki zuela ulertzen dugu. Izugarrizko eskandalua iruditzen zaigu pertsona bakar batek gure udalerriarentzat estrategikoak diren horrelako erabakiak hartzea. Gobernantza modu erabat indibidualista da, Zumarragan ezarrita urte gehiegi daramatzana.
Bestalde, badirudi ez dela iritzi berekoa Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria. Aipatu dugun enpresaren lantegi berriaren inaugurazio ofizialean, Zumarragan kokatu ahal izan zena baina azkenean Arrasaten jarri dena, Garmendiak zera esan zuen: Proiektu handi hau martxan jartzeko gai izan zarete, balio teknologiko handiko instalazioak inauguratzeko, kalitatezko enplegua sortuz eta gertuko gizartearekin konprometituta. Beraz, alkatearentzat bere enpresa eredua ez zena Espainiako Gobernuarentzat enpresa eredugarria da. Nola egon daitezke enpresa beraren inguruko bi ikuspegi hain desberdin?
Ez dugu ulertzen, ezta ere, zergatik atera den alkatea orain eta behin baino gehiagotan albiste hau emanez, enpresarekin izandako hartu-emanak, dakigunez, gutxienez duela sei urte izan baitziren. Tamalez, ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen dena: kanpainan, alkateak eskualdeko bi enpresek plastiko erraustegiaren hondakin likidoan interesa zutela esan zuen, hori faltsua izan arren. Ez dirudi enpresak eta inbertsio industriala erakartzeko modurik onena denik.
Arcelorreko industria garapena bezalako prozesu kritikoetarako, EH Bildutik diskrezioaren, lankidetzaren eta konfiantza eraikitzearen alde egin dugu beti. Hain zuzen ere, alkatea eta bere udal taldearen kontrako eredua.
Eskualdean badugu giza kapital bat, eragile politiko eta sozial guztien laguntzarekin martxan jarri behar duguna, SPRIrekin batera (lurraren jabea). Zubiak eraiki behar ditugu, segurtasuna eman eta konfiantza sortu enpresetan.
Pertsona bakarraren erabakien aurrean, guk adimen kolektibo eta kolaboratiboan sinesten dugu. Zumarragarentzat kalitatezko etorkizun industriala lortzeko, lankidetzan eta gure herriaren gaitasun komunitarioan sinesten dugu.
Eta balio horiekin jarraituko dugu lanean”.