Urretxun, Labeaga kalea berrituko dute, aste honetan. Zumarragan, Ibaiondo kalea eta Urola kaleko bidegorria.
Abuztuko aktibitate moteltzea baliatuz, herri handietan kaleak berritzen ari dira. Beasainen lehengo astean hasi ziren bezala, gaur, astelehena abuztuak 5, Urretxuko eta Zumarragako udalek ekin diete lanei.
Urretxun, Labeaga kalean Cafe 33 kafetegitik Aranguren estankora bitarteko zatia berrituko dute. Gaurtik asteazkenera bitartean, oraingo asfalto geruza erauziko dute. Bide batez, hustubide, erregistro-kaxa eta tapak konponduko dituzte. Lan horiek egiten ari diren bitartean, garajeetan sartu eta irten ahal izateko behin-behineko pasabideak egokituko dituzte.
Abuztuaren 8an, osteguna, asfalto berria botako dute Labeaga kalean. Egun horretan ezingo da garajeetatik irten edo bertara sartu, asfaltaketa bukatu arte. Labeaga kaleko 33Getik 41era arteko eta 60etik 74era arteko aparkalekuei, eta 35etik 49era artekoei eta kale bereko 50etik 62ra arteko zenbakidun garajeen erabiltzaileei eragingo die murrizketak.
Ostiralean, abuztuak 9, azkenik, errepidea margotuko dute. Goizean zehar zirkulazioaren noranzkoa itxi egingo dute Isabeleneko zubitik erdigunerantz. Arratsaldean kontrako noranzkoa margotuko dute, eta ordezko pasabidea gaituko dute.
Zumarragan, bi kaletan
Zumarragako Udalak, bere aldetik, asteazkenetik ostiralera bitartean egingo ditu asfaltatze lanak, herriko bi gunetan. Ibaiondo kalea eta Urola kale ondoko bidegorria berrituko dituzte. Abuztuaren 7an, 8an eta 9an zenbait leku itxiko dituzte bi kale horietan, obrak errazteko.
Ibaiondoko zirkulazioa zati batean itxiko dute, eta lanak aurrera egin ahala pasatzen utziko zaie ibilgailuei. Hala ere, une batzuetan sarbidea erabat ixtea litekeena da. Bidegorria, berriz, erabat itxita egongo da, eta Urola kaletik desbideratuko dituzte oinezkoak, segurtasuna bermatzeko.