Andoni Iruretagoienaren eta Xabat Olaizolaren atzetik geratu da, irunen.
Gipuzkoako III. Pentatloi Txapelketan hirugarren postua lortu du Xabier Zaldua kirolari zumarragarrak. Irungo Urdanibia plazan, atzo eguerdian jokatu zen txapelketa, eta euskal pentatloiko ohiko bost lanetan probatu zituzten indarrak. Andoni Iruretagoiena Izeta atera da txapeldun (24:22), bigarren Xabat Olaizola (25:03) eta hirugarren Zaldua (28:43).
Hamar egunen barruan, Gipuzkoa mailako bigarren txapelketa zuen Xabier Zalduak. Uztailaren 26an, 1. Mailako Gipuzkoako Aizkora Txapelketan lehiatu zen, Mendaron. Laugarren postua lortu zuen han. Julen Alberdi Txikia atera zen txapeldun (31:35), bigarren Mikel Larrañaga (32:27), hirugarren Eneko Otaño (34:43), laugarren Zaldua (36:29) eta bosgarren Ugaitz Mugertza (38:01) sailkatu ziren. Suharri Rodriguez erretiratu egin zen.