Nobelak 'Vencer en tierra de espias' du izenburua, eta bere aita Juan Jose Moral txirrindulariak 1975ean Berlinen egindako Bakearen Lasterketa gogoratzen du. Estrella del Norte argitaletxearekin kaleratuko du irailean, baina aurre salmenta martxan dago.
Juanjo Moral Cibrian zumarragarrak txirrindularitza eta Gerra Hotza uztartzen dituen eleberria idatzi du, eta irailean kaleratuko du Vencer en tierra de espias izenburuarekin. Estrella del Norte argitaletxearekin egin du lan Moralek.
Espioiak, traidoreak, inteligentzia agentziak, infiltratutako agenteak, Berlingo harresia… eta txirrindularitza dira Gerra Hotzaren garaian kokatutako lan honen mamia. Trama 1975ean garatzen da, eta Altzairuzko Oihala zeharkatu zuen Bakearen Lasterketa txirrindularitza proba du oinarri. Hain zuzen, lasterketa hartan parte hartu zuen Moralen aita Juan Jose Moral txirrindulari legazpiarrak urte hartan, eta etapa bat ere irabazi zuen, Gera herrian. Aitaren garaipenak eta bizipenak izan dira idazle berri honen inspirazio iturri.
Liburuak oraindik inprentan daude, baina dagoeneko aurre salmenta martxan dago
Estrella del Norte argitaletxearen webgunean. Prezioa 24 eurokoa da, eta aurre salmenta epean erosten dutenek liburuaren orri markatzaile bat eta postal bat jasoko dute opari, egilearen eskaintza-idatzi esklusibo batekin batera.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide