Irrintzi taldeko dantzariek parrokian egingo dute dantza, 11:00etan. Amaieran, 12:15ean, ohorezko aurreskua dantzatuko dute Euskadi plazan. Antxinako Ama txistulariek lagunduko dituzte dantzetan.
Bihar egun seinalatua da Zumarragan. Abuztuaren 15a Andra Mari Jasokundearen eguna da, eta ohitura da izen bereko parroki elizan Irrintzi taldeko dantzariek ezpata dantza egitea. Dantzariak plazan elkartzen dira gero, aurreskua dantzatzeko. Normalean, uztailaren 2an Antiguan dantzatu zuten dantzariek parte hartzen dute egun honetako dantzetan ere.
Ezpata dantzaren ekitaldia udaletxeko arkupeetan hasiko da. Bertan elkartuko dira txistulariak, dantzariak eta udal agintariak, eta handik abiatuko dira parrokiara. Meza 11:00etan izango da, baina hasi aurretik, ohi bezala, ezpata dantza dantzatuko dute aldarearen aurrean, eta gero, prozesioa egingo dute.
Meza amaitutakoan, dantzariak Euskadi plazara joango dira, eta ohorezko aurreskua dantzatuko dute han 12:15ean.
Ohi bezala, Irrintziko dantzarien jarduna Antxiñako Ama txistulariek lagunduko dute.