Olinpiar Jokoetan Espainiako eskubaloi taldearekin irabazitako brontzezko domina lagunen artean ospatu du urretxuarrak, Urretxun bertan.
Olinpiar Jokoak amaituta, egun pare bat igaro ditu Urretxun Imanol Garziandia eskubaloi jokalariak, eta bere Eyak Jodiu kuadrillakoek omenaldia egiteko baliatu dute egonaldi labur hori. Lizeoko patioko harmailetan “Urretxutik Olimpora” zioen pankarta batekin eta bengalekin harrera egin zioten lehenik, eta denak elkarrekin afaltzera joan ziren gero.
Espainiako taldearekin eskubaloiko brontzezko domina irabazi eta gero, atseden egun batzuk hartu ditu jokalari urretxuarrak, eta gaur bertan Hungariara abiatu da. Hango Pick Szeged taldearekin jokatzen du, eta denboraldi berria prestatzen hasiko da. Asteburuan itzuliko da berriz ere, Realak omenaldia egingo diolako.