Urtubiko parkean dauden 43 baratzeak eta bi baratze terrazak esleituko dituzte. Eskaerak udalean egin behar dira, irailaren 3tik 13ra.
Landu zure baratzea Zumarragako baratze parkean! leloarekin, Urtubi inguruan dagoen baratze parkean lur sailak esleitzeko deialdia egin du udalak. Ekimen horrekin, herritarren artean “laborantza ekologikoa, aisialdi osasuntsua eta kohesio soziala” sustatzea duela helburu zehaztu du.
Guztira 43 baratze eta bi baratze terraza dira, eta honela banatuko dituzte: bi terraza altu, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat; 10 baratze, belaunaldien arteko taldeentzat (aitona-amonak bilobekin, adibidez); hamar baratze gazteentzat eta irabazi asmorik gabeko elkarteentzat; hamar baratze kolektibo kalteberentzat (erretiratuak, langabetuak, dibertsitate funtzionala dutenak); hamar baratze herritarrentzat; eta hiru baratze Zumarraga eta Urretxuko ikastetxeentzat.
Baldintzak
Urtubiko baratze parkeko baratzeetako bat erabiltzeko Zumarragan erroldatuta egon behar da. Erabilera baimena urte beterako izango da, eta gehienez hiru urtera luzatu da
Zumarragan 20024ko urtarrilaren 1etik erroldatuta egoteaz gain, eskatzaileek beste baldintza hauek ere bete beharko dituzte: nekazaritza lanak egiteko baldintza fisiko egokiak izatea, udalarekiko zergen ordainketan egunean izatea, nekazaritzarako egokiak diren landa lurrak jabetzan ez izatea, eta baratze publikoekin zerikusia duten arau hausteengatik aurretik zigorrik jaso ez izana.
Hilean 5 euro ordaindu beharko dira baratze bakoitzeko, eta 100 euroko fidantza jarri beharko da gunea behar bezala erabiliko dela bermatzeko. Talde zehatz batzuk tasa horietatik salbuetsita egongo dira.
Eskaerak irailaren 2tik 13ra egin behar dira udalaren egoitza elektronikoaren bidez www.zumarraga.eus webgunean, edo udaletxean bertan, Herritarren Arretarako Bulegoan bertan.
Baratzeak zozketa bidez esleituko dira.