Bihar, 16:30ean, erromeria bat antzeztuko dute San Kristobalen
Gorka Hermosa akordeoilaria, Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko dokumentala grabatzen ari da. Dokumentalaren zuzendaria Goya sarietara izendatu zuten Iñaki Pinedo da. Gonbidatuen artean Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea daude. Antxiñe Mendizabalek, Usoa Buscak eta Zuhaitzaren Soinuak ere parte hartu dute. Bihar (ostirala), 16:30ean, erromeria bat antzeztuko dute San Kristobalen. Hermosak herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu. Dokumentala Santa Isabel egunean estreinatzeko asmoa dute.
Hermosak egitasmoaren berri eman du. “Barruraino iristen zaizkidan gauzak kontatzen saiatzen naiz. Hori da jendearengana heltzeko modu bakarra. Pinedok dokumental bat egitea proposatu zidan eta gai hau aurkeztu nion. Asko gustatu zitzaion. Akordeoia iritsiera eta bere bilakaera oso istorio polita da. 1859an Jean Baptiste Busca italiarra Otzaurtera etorri zen, tunela egitera. Zegamako neska batekin maitemindu zen, ezkondu egin ziren eta Zumarragara etorri ziren bizitzera. Bazkalosteetan akordeoia jotzen zuen, bere bi semerekin: semeetako batek pianoa jotzen zuen eta besteak klarinetea. Pianoa jotzen zuen Ignacio Busca Sagastizabal zen. Klarinetea jotzen zuenak, berriz, Zumarragako banda sortu zuen. Joxe Oria Zumarragako bandako abanderatua izan zen. Ondoren, Zumarragako Trikitixa sortu zuen. Zumarragako Trikitixa aitzindaria izan zen trikitixa munduan eta gaur egunera arte iritsi da. Trikitixa Euskal Herriko soinu esanguratsuena da, besteak beste Zumarragako Trikitixari esker. Bestalde, Jesus Gonzalez Bastidak, Zumarragako banda zuzendu eta Zumarragako ereserkia konposatu zuen gizonak, akordeoia jotzen zuen. Aitzindaria izan zen akordeoia kontserbatorioko teknikekin irakasten. Hona Euskal Herri osoko akordeoilariak etortzen ziren, berarekin ikastera. Beraien artean, Enrike Zelaia. Maite Janeiro ere Bastidaren ikaslea izan zen. Zumarragako musika eskolako sortzaileetako bat izan zen. Bere ikasleetako bat Javi Ramos izan zen eta ni Javi Ramosen ikaslea izan nintzen. Duela gutxi, Berlineko filarmonikan jo dut. Hori dena, gure herrian sortu da. Oso historia polita da eta zumarragar eta euskal herritar askok ez dute ezagutzen. Liburuetan jasota dago, baina lehenengoz ikus-entzunezko batean jasoko dugu”.