Irailean sartzearekin batera, Urretxu Santa Anastasia jaietan pentsatzen hasiko da. Udalak eta elkarteek hainbat ekitaldiren berri eman dute dagoeneko. Aurten, Euskal Jai eguneko desfilea igande eguerdian izango da. Ondoren, herri bazkaria egingo dute. Tiketak asteartean jarriko dira salgai.
Udalak erabakiaren berri eman du. “Santa Anastasia jaiak gertu ditugu eta herria prestaketa lanetan dabil. Aurten, Euskal Jaia osatu eta indartu asmoz, hainbat aldaketa adostu dira Jai Batzordean. Horien artean, irailaren 22an, igandea, ospatuko den Euskal Jaietako desfilea 12:00etara aldatzearena. Jai borobila eta harremanak bultzatzen dituena izan dadin, 15:00etan, Sarayola katerinak zerbitzatuko duen eta herri guztiari irekia izango den bazkaria antolatu da Iparragirre plazan”.
Tiketa erostea ezinbestekoa izango da. Tiketak Aizpurunea kultur etxean salduko dituzte irailaren 3tik (datorren asteartea) 10era. 25 euro balio dute. Horra hor menua: Mariskoz betetako piperrak, orri-mamiak onddo-saltsarekin, txanpiñoiak urdaizpikoarekin, saiheskia patatekin, goxua, ardoa, kafea eta kopa. Udalak herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditu.
Goiargi abesbatzaren kantaldiak (12:30), Iratzar taldearekin erromeriak (18:00) eta Benta Zaharreko Mutiko Alaien saioak (20:00) osatuko dute egitaraua. Kandela pizteari ohiko moduan eutsiko zaio (23:00).