Urruzuno literatur lehiaketa gaztetxoentzat antolatzen direnen artean garrantzitsuena da. Egun idazle ezagunak diren askok irabazi dute. Harkaitz Canok, adibidez. Ia urtero herritarren bat saritzen dute eta aurten ere hala izan da. Prosa B atalean Urretxu-Zumarraga ikastolako Joanes Plazaola Ricondok lehen saria lortu du (Sara lanarekin) eta prosa A atalean Joxe Mari Iparragirre institutuko Lucia Garmendia Arbizuk hirugarren saria lortu du (Polaroid bat paperen artean lanarekin).
Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean irakurzaletasuna eta bizikidetzaren balioak sustatzea helburu duen lehiaketaren sari banaketa ekitaldia gaur izan da, Lakuan. Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak banatu ditu sariak. Ekitaldia Jasone Osoro idazle eta kazetariak gidatu du.
Urruzuno sariak literatur zaletasuna eta euskara sustatu nahi ditu Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean. Era berean, sariak idazketaren munduan interesa duten ikasleen artean komunitatea sortzeko aukera paregabea dira, ikasle horiek elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin ikasteko aukera sortzen baita. Izan ere, saria literatur egonaldi batean datza, eta aste honetan bertan gozatu dute ikasleek sari horretaz: Arantzan (Nafarroa) ikaskuntza eta bizikidetza esperientzia egin dute. Saridunek, bost egunez, parte hartu dute jardunaldi, tailer eta errezitaldietan, literaturaren eta musikaren arloko pertsona nabarmenekin batera, hala nola Patxi Zubizarreta, Ruper Ordorika edo Itxaro Bordarekin. Horiek gazteekin partekatu dituzte beren ibilbidean bizitako esperientzia inspiratzaileak, eta haien idazketa eta sormen lana hobetzen jarraitzeko gomendio baliagarriak eman dizkiete.
Datorren urtean 40. urteurrena beteko duen lehiaketa honetatik 600 gazte baino gehiago igaro dira. 2024ko edizio honetan, 278 idazlan aurkeztu dira lehiaketara: 92 poesian eta 186 prosan. Urtero bezala, Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratu du, Sagastiberri bildumaren barruan, idazlan irabazle guztiekin. Liburu hori lehiaketan parte hartu dutenei eman zaie ekitaldian eta datozen egunetan bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, Berritzeguneetan eta liburutegietan ere banatuko da.