Larunbatean Antioko musikaldiaren 41. edizioa hasiko da, Suhar abesbatzaren eskutik
Larunbatean Antioko musikaldiaren 41. edizioa hasiko da. Aurten, Suhar abesbatza, Musbika taldea eta Iñaki Salvador eta Daniel Bertomeu pianistak izango dira Antion. Urteroko moduan, bosgarren eta azken kontzertua Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da. Bertan, Arineketan musika taldea arituko da.
Musikaldia larunbatean hasiko da. Suhar gizonezkoen abesbatzak abestuko du, Esteban Urzelairen zuzendaritzapean. Suhar 2018an sortu zen. Beraien lan ildoak kalitatea, musikagileen zabalkundea, musika koralarekiko konpromisoa eta berritzaileak izateko nahia dira. Esloveniako Gallus lehiaketan bigarren saria lortu zuten.
Irailaren 14an Musbika taldeak Tutto Vivaldi kontzertua egingo du. Taldearen helburua musika klasikoa zabaltzea da eta Zumarragan Vivaldiren lanak joko ditu.
Irailaren 21eko protagonista, berriz, euskal musikari bat izango da: Mikel Laboa. Iñaki Salvadorrek, bere pianistak, Txoria nuen maite: Laboa gogoan kontzertua egingo du. Salvadorrek Laboaren musika berrikusiko du, jazzaren estetikatik abiatuta, beste sei musikarien laguntzarekin. Besteak beste, Ainara Ortega eta Maria Berasarte abeslariak.
Zumarragako laugarren eta azken kontzertua hilaren 28an izango da. Daniel Bertomeu pianistak Un viaje por el romanticismo kontzertua egingo du. Bertomeuk sari asko lortu ditu. Antion, Schubert, Granados, Chopin, Rachmaninoff eta Mendelsshonen obrak joko ditu. Lau kontzertuak 19:30ean hasiko dira eta sarrera doan izango da. Autobus zerbitzua egongo da. 19:00etan abiatuko da, Elizkaletik.
Azken kontzertua Igartubeitin izango da: urriaren 5ean, 18:00etan. Xabier Zeberio, Nora Lopez, Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaranen Arineketan taldeak joko du.