Ekitaldia egingo dute Irimoko tontorrean eta, ondoren, toka txapelketa, herri bazkaria, bertso saioa eta erromeria izango dira Trekutzen.
Antzuolako (Gipuzkoa) Meaka-Irimo herri plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu Capital Energy multinazionalak Irimo mendian egin nahi duen zentral eolikoa gauzatu ez dadin. Larunbatean Trekutz Eguna egingo dute eta hilaren 17tik 29ra hainbat ekitaldi izango dira.
Larunbatean, 09:00etan, Antzuolako plazan elkartuko dira. Handik Irimoko tontorrera igoko dira. 11:30ean ekitaldia egingo dute bertan. 12:30ean toka txapelketa jokatuko dute Trekutzeko Gaztelugain elkartean. 14:30ean herri bazkaria egingo dute bertan. Tiketak aurretik erosi behar ziren, baina janaria etxetik eramateko aukera ere bada. Bazkalostean bertso saioa eta erromeria izango dira. Trekutz Egunarekin amaitzeko, iluntzean Harrikadak taldeak kontzertua egingo du, herrigunean. Gaztetxean izango da kontzertua.
Hilaren 17an kontzentrazioa egingo dute Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. 10:30etik 11:30era egongo dira bertan. Parte hartu nahi dutenak antzuolarrekin joan daitezke. 09:30ean irtengo dira bertako plazatik.
Hilaren 19an Hamaika erakusketa irekiko dute Olaran etxean. Makroproiektu eolikoen aurkako erakusketa horretan hainbat artistek parte hartu dute. Irantzu Piquerok egitasmoaren berri emango die bertaratzen direnei. Ondoren, 18:30ean, makroproiektuen eragina pairatzen duten lau pertsonek bere esperientziaren berri emango dute. 19:15ean Isuok eta Bargik kontzertu akustikoa eskainiko dute eta ondoren mokadutxoa egingo dute.
Erakusketa hilaren 19, 20, 21, 22, 27 eta 28an egongo da ikusgai, 18:30etik 20:00etara. 29an 18:00etatik 18:30era irekiko dute. 18:30ean As bestas pelikula emango dute Torresoroako aretoan.