Larunbatean Zumarraga-Urretxu txapelketa jokatuko da Argixaon, eta Antioko Amari lore eskaintza egingo zaio, Urola Kirol Elkarteko bi talde nagusiek datozen asteetan hasiko duten 2024-25 denboraldiaren atariko gisa.
Txapelketako lehenbiziko partida emakumezkoek jokatuko dute, 10:30ean. Urolak Bergara izango du aurkari.
Ostean, 13:15ean, Antioko Amari lore eskaintza egingo zaio. Bi talde nagusietako jokalariez gain, zuzendaritzako kideek eta Zumarragako Udaleko ordezkariek hartuko dute parte ekitaldian.
Urretxu-Zumarraga txapelketak arratsaldean izango du segida, gizonezkoen partidekin. 16:30ean Ilintxa-Anaitasuna partida jokatuko da, 17:30ean Urola-Anaitasuna, eta 18:30ean Urola-Ilintxa.
Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak irailaren 15ean hasiko du 2024/25 denboraldia, Argixaon, Oñatiko Aloña Mendi kirol elkartearen aurka. Mikel Imaz, Gorka Imaz eta Jon Urtzelai izango dira entrenatzaileak.
Astebete geroago abiatuko du Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak denboraldia. Irailaren 22an Urolak Lesakako Beti Gazte taldea hartuko du Argixaon. Aitor Irizar eta Juanlu Elizondok zuzenduko dute taldea.
Entrenamendu saioak abuztuan hasi zituzten bi taldeek, eta Urola Kirol Elkartea osatzen duten gainerako taldeak ere martxan dira. Denboraldi berrian 20 talde federatu izango ditu Urolak –gizonezkoen 14 eta emakumezkoen 6–, futbol eskolaz gain. 550 futbolari inguruk eta 70 entrenatzailek osatzen dute elkartea.