Urretxun Bizi Gara harrera eskolaren hamaikagarren edizioa hilaren 27an izango da. Egitasmo honen helburua Urretxura bizitzera etorri direnei herriaren, bertako zerbitzuen eta euskal kulturaren berri ematea da, egokitzea errazteko. Saioak astearte eta ostiraletan izango dira, 09:30etik 12:00etara, Aizpurunea kultur Etxean. Irailaren 27an hasi eta azaroaren 29ra bitartean, guztiz doan izango diren 45 eskola ordu jasoko dituzte ikasleek. Ordu horietan, hitzaldiak, txangoak, bisita eta tailerrak egingo dituzte. Aurreko edizioetan bezala, administrazioko teknikariek eta herriko hainbat erakunde eta eragileek zuzenean landuko dituzte edukiak ikasleekin. Hala nola, historia eta gizartea, kultura, enplegua, etxebizitza, hezkuntza, hizkuntza edo osasuna.
Gainera, parte hartzaileek egonaldia egin ahal izango dute herriko kultur elkarteren batean, elkar ezagutza sustatzeko eta harrera nahiz egokitzapen prozesuak errazteko helburuarekin.
Urretxun Bizi Gara harrera eskola Aniztasun eta Bizikidetza Udal Planaren barruan kokatzen da. Plan horren helburua da herria osatzen duten kulturen arteko aberastasuna bultzatzea eta topaketarako gune bat eraikitzea da. Planak Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa du. Mahai hori herritarren parte hartzeari irekita dagoen lan batzordea da, gizarte inklusiboa eta bazterkeriarik gabekoa sustatzen duena.
Urretxun Bizi Gara harrera eskolan parte hartu ahal izateko, izena eman behar da. Matrikula doakoa da eta Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza dinamizatzailearekin harremanetan jarriz egin daiteke. Bere telefono zenbakia 693 900 568 da eta posta elektroniko helbidea aniztasuna@urretxu.eus.