Joseba Albisuak (Zumarraga, 1970) iraupen luzeko mendiko bizikleta probetan parte hartzen du. Madriletik Lisboara joan da eta Italian eta Kanadan aste beteko probetan parte hartu du.
Beti izan al zara kirolzalea?
Bai. Saskibaloian hasi nintzen, Goierri taldean. Ondoren, futbolera pasa nintzen. Futbolean bota nituen urte gehien. Futbola utzi nuenean, eskubaloian jokatu nuen. Kuadrillako bat eskubaloian ari zen eta beraiekin jokatzeko eskatu zidan. Bi urte-edo aritu nintzen eskubaloian. Gero geldialdia izan nuen.
Noiz hasi zinen bizikletan ibiltzen?
Kiloak hartu nituen eta zerbait egin beharra nuela esaten nuen. Behin, Javi Godoyrekin elkartu nintzen eta zerbait egiteko gogoa nuela esan nion. Spinning saioak ematen zituela esan zidan eta probatzea proposatu zidan. Horrela hasi nintzen bizikletan, 2011n.
Spinninga egitetik mendiko bizikletan ibiltzera salto handia dago.
Javi mendiko bizikletan ibiltzen zen eta bere taldearekin ibiltzea proposatu zidan. Beldurra ematen zidala esan nion, baina lasai joateko esan zidan, taldean adin eta pisu guztietako jendea zutela. Animatu egin nintzen. Bizikleta erosi nuen eta beraiekin irteten hasi nintzen. Beraien eskutik, probetan parte hartzen hasi nintzen.
Nolatan hasi zinen distantzia luzeko probetan?
Euskadi Extrem bi eguneko probaren eskutik izan zen. Goierri taldeko asko joaten ginen eta primeran pasatzen genuen. Proba horretan beste proba batzuen propaganda ematen ziguten eta Transpyr izeneko probaren berri izan nuen. Aste osokoa da. Deigarria iruditu zitzaidan. Pirinioak astebetean zeharkatzea erakargarria iruditu zitzaidan, baina binaka edo hirunaka egin behar zen. Nor engainatu? Oier Plazaolak behin orientazio proba bat egiteko engainatu ninduenez, nirekin zorretan zegoela esan nion. Animatu egin zen. Beraiek Beasaingo prestatzaile batzuengana joaten zirela esan zidan eta nik ere joatea erabaki nuen. Horrela, nire prestakuntza hobetu nuen. Ondo egin nuen, ez bainuen esperientziarik eta ordurako ez bainintzen gaztetxo bat.
Ordutik, proba askotan parte hartu duzu.
Behin, Unai Badiolarekin hitz egiten nengoela, Madril-Lisboa proba egitea proposatu zidan. Zer da hori?, erantzun nion. Madriletik Lisboara segidan joatean zetzala esan zidan. Nola? Etxera joan eta informazioa bilatu nuen. 770 kilometro, gelditu gabe… Egitea erabaki nuen. Prestatzaileengana joan nintzen eta nire asmoa zein zen esan nien. Ordutik, Italian eta Kanadan ere izan naiz. Bestalde, Madril-Lisboako antolatzaileek Bartzelona-Donostia antolatu zuten eta hori ere egin nuen. Proba askotan parte hartu dut. Hiruzpalau urtetan geldirik egon nintzen eta aurten berriro hasi naiz probetan parte hartzen.
Kanadan eta Italian izan zarela esan duzu.
Aste bateko probak egin ditut bertan. Mundu horretan sartzen zarenean, munduan zehar ze proba antolatzen dituzten begiratzen duzu. Munduko 10 proba politenen artean Transpyr dago. Baita Italiako Iron Bike ere. Italiakoari buruzko informazioa biltzen hasi nintzen, Joseba Albizu azpeitiarrak joateko ohitura zuela jakin nuen eta berarengana jo nuen. Animatu egin ninduen eta joan egin nintzen. Bukatzea lortu nuen. Oso gustura egin nuen, gainera.
Eta Kanadara, nolatan?
Karanbola bat izan zen. Mendiko bizikleta taldeko lagun batek Bizkaiko lagun batzuekin egon zela esan zidan: Kanadara joateko prest egongo zen ero baten bila zebiltzan eta nire berri eman zien. Kanadara joateko, etxekoen eta lanekoen baimena behar nuen. Baimena eman zidaten eta bizkaitarrei baiezkoa eman nien. Sekulako aukera izan zen, ni bakarrik ez bainintzateke Kanadara joango. Bost lagun joan ginen. Lauk binaka parte hartu genuen eta bosgarrenak bakarka. Oso esperientzia polita izan zen. Euskal Etxekoen laguntzari esker parte hartu ahal izan genuen. Izan ere, sekulako zaparrada bota zuen eta Alemaniako hegaldia atzeratu egin zen. Alemaniatik Kanadara eraman gintuen hegazkina espero baino egun bat beranduago hartu genuen eta Euskal Etxekoek ziztu bizian eraman gintuzten aireportutik autobusa hartu behar genuen tokira.
Nola lortzen da aste osoko proba bat egitea?
Buruak gorputzak baino garrantzi handiagoa du. Une txarretan burua da «segi» edo «ez segi» esaten duena. Esperientzia eta burugogorra izatea lagungarriak dira. Egunero 100 kilometro inguru egiten ditugu. Nik ez ditut oso entrenamendu luzeak egiten. Madril-Lisboa egiteko bost bat orduko saioa egin nuen arrabolan, baina besteetarako lau bat ordu egiten ditut mendian edo errepidean.
Anekdota ugari izango dituzu kontatzeko.
GPSa erabiltzen dugu, baina horrenbeste egunetan denetik gertatzen da: galdu, gaizki pasa, jendea ezagutu, ondo pasa… Madril-Lisboan beste proba batean ezagutu nuen mutil batekin elkartu nintzen. Bigarren gaua zen eta oso gaizki zegoen. Lo hartzen ari zen, baina ez zuen gelditu nahi. Kafeinadun gel bat eskaini nion, baina dagoeneko horrelakoak hartu zituela esan zidan. Lagundu egin nahi nion, baina ezin nintzen asko gelditu, ni ere denboraz kanpo heltzeko arriskutan bainintzen. Gogorra izan zen bera han uztea. Iritsi nintzenean bere emazteak senarrarengatik galdetu zidan. Ez nion gaizki ikusi nuela esan, noski. Zorionez, ondo heldu zen.
Gauez ere ibiltzen zarete.
Madril-Lisboa bezalako probak non-stop dira: jarraian egiten dira. Astebeteko probetan, berriz, egunez bakarrik ibiltzen gara. Ni gauez ondo moldatzen naiz. Madril-Lisboan, adibidez, bigarren gauean ordu bat eta 20 minutu bakarrik lo egin nuen.
Ba al duzu ametsetako proben bat?
Kanada edo Italiara joateko dirua behar da. Babesleak izango banitu, proba gehiagotara joango nintzateke. Dena den, ez dut proba zehatz bat buruan. Aurten Galizian 300 kilometroko proba bat egin dut, Unai Badiolak lankide batekin egin zuela aipatu zidalako. Jende askok Marokoko Titan Desert proba ez al dudan egin behar galdetzen dit. Baina proba horrek ez nau erakartzen.