Ostiralean gizarte arloan lan egiten duten elkarteen azoka egingo dute Zumarragako plazan, baserritarren gunean. Bigarren edizio hau 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara izango da.
Azoka ostiralean aurkeztu zuten Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldi berean elkarteen gida aurkeztu zuten. Ekitaldian Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko zinegotziak eta elkarte batzuetako ordezkariek parte hartu zuten: Miguel Angel Gomezek (Aspacek Urretxun duen eguneko zentroko erabiltzaileen ordezkariak), Andrea Partek (ONCE Donostiako zuzendariak), Nerea del Barriok (Esku Hutsik elkarteko ordezkariak) eta Amaia Elosegik (Minbiziaren Aurkako Elkarteko gizarte langileak). Azoka eta gida Zumarraga Parte Hartzailea eta Solidarioa estrategiaren barne egin dira.
2023an Sare Solidario Interaktiboa mahaia sortu zen. Mahai horrek gizarte arloko hainbat elkarte biltzen ditu: herrikoak, eskualdekoak eta herrialdekoak. Mahaiaren helburua Zumarragako pertsonen bizi kalitatea hobetzea da: zaurgarritasun egoeran daudenei arreta berezia eskainiz eta gizarte bazterkeria prebenituz. Sare Solidario Interaktiboa mahaia izan da azoka antolatu duena eta gida aurrera atera duena.
Del Barriok eman zuen gizarte arloko elkarteen azokaren bigarren edizioaren berri. Ostiral honetan egingo da, Zumarragako udaletxearen pareko arkupetan, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Bai goizez eta bai arratsaldez ekitaldi asko izango dira: jarduerak, topaketak eta emanaldiak, besteak beste. Herritarrei udalerriko elkarteen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera emango zaie.
Antolatzaileek gonbidapen berezia luzatu diete Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetako ikasleei eta eguneko arreta zerbitzuari, ekitaldira joan daitezen eta, horrela, elkarteak ezagutu ditzaten. Gainera, Gizalde elkartea ikastetxeetara hurbilduko da Begiraldatu programaren saio batzuk ematera. Egitasmo horren helburua boluntariotza gazteengana hurbiltzea da.
Arratsaldean, elkarteek, herritarrei informazioa emateaz gain, hainbat jarduera egingo dituzte Azokara hurbiltzen diren haurrentzat. Gainera, herriko kultur elkarte batzuk azoka girotuko dute: Irrintzi dantza taldeak, Urretxuko Iratzarri dultzainero taldeak, Zubertsotan bertso eskolak eta antzerki taldeak.
Sare Solidario Interaktiboa mahaiak gizarte arloko elkarteen gida bat ere egin du. Gida horretan, harremanetarako informazioa, helbideak eta erakunde bakoitzaren jardueren deskribapena jaso dira. Gida Zumarragako etxe guztietan banatuko da, eta udalaren webgunean eta udalerriko gune estrategikoetan ere eskuragarri egongo da: osasun zentroan, gizarte etxeetan, kultur etxean eta kiroldegian.
Bi egitasmo hauetan Agifes, Arnasa, Asebier, Aspace, Aspargi, Asviamie, Atzegi, Begisare, Bihotzez, Bizi Bide, Caritas, Zaintzaile Elkartea, Minbiziaren Aurkako Elkartea, Esku Hutsik, Odol Emaileak, Gautena, Gaztedi, Itxaropen Telefonoa, Gizalde, Gurutze Gorria, Katxalin, Mari, Nagusilan, ONCE eta Pausoka elkarteek parte hartu dute.