Abestuko duten sei bertsolarien artean Mikel Iturriotz urretxuarra izango da
Larunbatean, 17:00etan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa jokatuko da Labeaga aretoan. Final zortzirenetako zazpi saioetan aurrenekoa izango da. Urretxuko saioan urretxuar batek abestuko du, gainera: Mikel Iturriotzek. Beste bost bertsolariak Andoni Errekondo (Hernani), Ane Zuazubiskar (Arrasate), Antton Aizpurua (Deba), Jon Gurrutxaga (Azpeitia) eta Unai Mendizabal (Zizurkil) dira. Gai jartzailea Ion Zaldua (Amasa-Vilabona) izango da.
Hiru hilabete iraungo ditu txapelketak, eta 16 saio jokatuko dira –zazpi final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta finala–. Donostiako Illunben jokatuko da finala abenduaren 14an. Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri.
Urretxuko saioa asteartean aurkeztu zuten, Labeaga aretoan. Aurkezpenean Alex Gonzalez Urretxuko zinegotziak, Josu Idigoras Zumarragako zinegotziak eta Beñat Azaldegi Gipuzkoako Bertsozale elkarteko sustapen eragileak parte hartu zuten. Gonzalezek bi udalen eta Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen arteko elkarlana azpimarratu zuen. Gu Ere Bertsotan programan parte hartzen dutela eta oraingoan txapelketako saioa antolatu dutela gogoratu zuen. «Gure bi herriak aukeratu izanak bereziki pozten gaitu. Are gehiago, bertso eskolak omendu behar direlako. Bi udalok 25 urte daramatzagu bertso eskolarekin elkarlanean, bi herriotan bertsolaritza eta euskara sustatzeko».
Azaldegik txapelketa Urretxu eta Zumarragan hasteak poztu egiten dituela esan zuen. «Udaberriko sailkapen fase arrakastatsuaren ondoren, udazkena modu grinatsuan hasi nahi genuen eta Urretxu-Zumarraga eta antzoki hau toki egokia dira horretarako. Zergatik? Urretxu-Zumarragan bertsozaletasuna dagoelako. Gainera, aretoa oso goxoa da. Saio ederra izateko esperantza dugu».
Idigorasek Bertsozale Elkarteari eskerrak eman zizkion Urretxu eta Zumarraga aukeratzeagatik. Herritarrak eta ingurukoak saiora gonbidatu zituen eta herriko gazteak bertso eskolara. «Euskaraz gozatzera eta ondo pasatzera animatu nahi ditut».