Urretxuko eta Zumarragako udalek Aroz Aroz katalogoa sortu dute. Bertan, euskarazko ekintzen berri emango dute. Udazkenari dagokion katalogoa asteartean aurkeztu zuten Areizaga-Kalebarren plazan. Ekitaldian Alex Gonzalez Urretxuko zinegotziak, Josu Idigoras Zumarragako zinegotziak, Sara Bidarte Urretxuko teknikariak eta Aitor Lizarazu Zumarragako teknikariak parte hartu zuten.
Azaroaren 9an eta 10ean Kantari karaoke ikuskizuna egingo dute. LH2tik LH6ra arteko ikasleek parte hartuko dute eta grabatu egingo da. Ikastetxeetan eman behar da izena, hilaren 23a baino lehen. Euskararen Kriseilua ekimenari dagokionez, euskarak etxean duten tokiari buruz hausnartzea da helburua. LH1ekoek garatuko dute, beraien etxeetan, ikastetxeen bidez.
Bi ikastaro ere antolatu dira, DBHko ikasleentzat: batean hiri futurista bat eraikiko dute ordenagailu zaharrei tripak aterata eta bestean podcastak sortzen ikasiko dute. Lehenengoa urrian izango da eta bigarrena, abenduan.
Gainera, azaroaren 7an Josebe Blancok eta Leire Milikuak Emakumeak landa eremuan hitzaldi literarioa egingo dute eta azaroaren 30ean Mintzodromoa egingo da. Bukatzeko, lau antzerki saio antolatu dira: Kanpora sartzen (urriak 4) eta Kortxoaren dilema (abenduak 5) helduentzat eta Atearen bestaldean (urriak 20) eta Jon beldurgabea (abenduak 15) haurrentzat.