Carlos Mediavillak (Iruñea, 1957) Antion ateratako argazkiak Zelai Arizti kultur etxean jarri ditu. Urriaren 5a arte egongo dira ikusgai: astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta larunbatetan goizez.
Ze harreman duzu Antioko baselizarekin?
Toki bikaina da paseatzeko. Belokira, Izazpira… zoazen bakoitzean, Antiotik pasatzen zara. Antion gustura sentitu naiz beti: umetan gurasoekin, paseo bat egin ondoren baselizara sartu eta 5-10 minutu ematen ditut isiltasunaz gozatzen… Gainera, objektiboak eta kamerak probatzeko toki bikaina da, bertako argia oso berezia baita. Bai barrukoa eta bai kanpokoa. Objektibo berri bat probatu behar izan dudan bakoitzean, bertara joan naiz. Bestalde, Santa Isabel eguneko argazki rallyan askotan parte hartu nuen eta behin baino gehiagotan irabazi nuen. Eta Antion ezkondu nintzen!
Zein da erakusketaren helburua?
Antiori omenaldi txiki bat eskaini nahi diot, eman didan guztiagatik. Erakusketako argazkiak nire ordenagailuan zeuden eta erakusketa bat egitea erabaki nuen. Jendeak mota horretako argazkiak ikusteko aukera izatea asko eskertzen du.
Zenbat argazki atera dituzu Antion?
Asko. Lehen ezin genituen horrenbeste argazki atera. Diapositiba karrete bat eta kito. Egun, kamera digitalarekin, askoz ere gehiago ateratzen ditut. Dena den, ez naiz Antion milaka argazki atera ditudala esatera ausartzen. Izan ere, ez naiz argazki asko ateratzen dituen horietakoa. Argazkiak ateratzera joan aurretik, argi eduki ohi dut zer aurkituko dudan eta zer nahi dudan.
Erakusketan Antio gauez eta egunez ikusi daiteke. Ia urteko egun guztietan eta eguneko ordu guztietan atera dituzu argazkiak bertan.
Helburua bertako argi ezberdinak jasotzea da: ilargiarena, egunsentikoa, ilunabarrekoa, elurra… Baita ermitaren barrualdeko argiak ere. Ekinokzioetan, eguneko une zehatz batean, elizara sartzen den argiak amabirjina argiztatzen du. Han egon behar da gertatzen denean, argazki batean jaso ahal izateko.
Antioko argazkiak Urretxu eta Zumarragako beste toki batzuetatik ere atera dituzu.
Erakusketan Argixaotik ateratako bat jarri dut, adibidez. Antion bertan ateratako hainbat argazkirekin egindako panoramika bat ere berezia da. Metro eta erdiko luzera du eta argazki horiek ateratzeko lagun baten jasogailua erabili nuen. Egun, droneekin, errazagoa da horrelako argazkiak egitea. Hainbat argazki egin nituen eta ordenagailuko programa baten laguntzaz itsatsi egin nituen. Argazkian Antio, herria eta Irimo ikusten dira. Egun hartan Santa Barbarako, Ipeñarrieta jauregiko eta Irimoko gurutzeko argazkiak ere atera nituen.
Zure buruan zenituen argazkiak lortzeko denetik egingo zenuen…
Baimen asko eskatu ditut: ermita itxita dagoenean argazkiak ateratzeko, Erregeen kabalgatan parte hartzen dutenei Antion argazkiak ateratzeko, bataiarria urez betetzeko… Antioko Lagunen Elkartea oso ondo portatzen da nirekin eta esker onekoa izaten saiatzen naiz. Antion banatzen diren eskuorriko argazkiak nik eman nizkien, besteak beste.
Zein da gehien gustatzen zaizun txokoa?
Barrualdean, gehien gustatzen zaidan argazkia koruko barandatik ateratzen dena da. Bestalde, urtean zehar oso une bereziak daude: Erregeen kabalgata, ezpata dantza… Elizan gauzak gertatzen dira eta gauza horiek jasotzea ere asko gustatzen zait. Kanpoaldeari dagokionez, gehien gustatzen zaidan argazkia atearena da. Landaburu aldera begira aterata, hain zuzen ere. Hori da erakusketako kartelerako erabili dudana. Bertan, atea eta ermitaren aurreko zelaia eta bertako zuhaitzak ageri dira, ilargiak argituta.
Zumarragan urteko egun handiena uztailaren 2a da. Egun horretan, Santa Isabel egunean, ezpata dantza egiten da Antion. Zein duzu egun horretako argazki kuttuna?
Azken urte hauetan, kamera aldareko eskaileretan jarri dut, Irrintzi taldeko dantzarien aurpegia hartzeko. Argazki horretan eliza eta jendea ere ikusten da. Argazki horrek hutsune bakarra du: ez da ikusten dantzariak Antioko amabirjinari dantza egiten ari direla. Korutik ateratzen den argazkian dantzariak amabirjinari dantza egiten ari direla ikusten da, baina ez da dantzarien aurpegia ikusten.
Kabalgata eguneko argazkia ere gustatzen zaizu.
Eskaileretan atera nuen argazkia barruan atera nuena baino gehiago gustatzen zait. Elizara sartzen ari dira.
Ba al dago oraindik ateratzea lortu ez duzun argazkirik?
Bururatu zaizkidan guztiak ateratzea lortu dut. Izan ere, erdi nafarra naiz. Burugogorra, beraz. Zerbait egitea bururatzen zaidanean, beharrezko ate guztiak jotzen ditut.
Antion atera dituzunen artean, zein da zure argazki kuttuna?
Beharbada, bataiarriarena. Izan ere, asko kosta zitzaidan eta emaitzarekin oso gustura gelditu nintzen. Asko kosta zitzaidan Antioko Lagunen Elkartekoak konbentzitzea: ur bedeinkatua bataiarritik atera behar zen, ur bedeinkatua ondo gorde, bataiarria ur arruntarekin bete, bataiarria berriro hustu, garbitu eta ur bedeinkatua bataiarrira itzuli. Argazkian bataiarria ikusten da eta bertako uretan ermita osoa islatzen da.