Atzo arratsaldean hainbat eragilek eta udal ordezkariek Urretxuko jaietako egitaraua aurkeztu zuten. Ekitaldian Mairi elkarteko Mari Carmen Viedmak, Iparragirre Balerdi musika tailerreko Iñaki Osinaldek, Goierri elkarteko Sergio Gonzalez de Galdeanok, txistulari taldeko Ander Lasak, Goierri abesbatzako Lucia Alvarezek, Oier Fernandez karroza egileak, Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteko Izaskun Arrutik eta bola eta toka taldeko Ino Ugarteburuk, Jose Antonio Calvok, Maialen Fidalgo zinegotziak eta Jon Luqui alkateak parte hartu zuten.
Luquik jaien antolaketan eragile askok parte hartu dutela esan zuen. Herritarrak jaiak “bakean eta lasaitasunean” gozatzera deitu zituen. Bestalde, pregoia San Martin auzoko bizilagunek irakurriko dutela eta karrozen desfilea eguerdira pasa dela gogoratu zuen. “Festa berpizteko izan da, ez inoren aurka joateko. Aldaketaren aurrean udal langileek izan duten jarrera azpimarratu nahi dut”.
Fidalgok 12 karrozak parte hartuko dutela aipatu zuen. Herri bazkariak izan duen arrakastaz ere hitz egin zuen. “1.304 lagunek eman dute izena. Denentzako mahaiak eta aulkiak izango dira. Izena eman duten guztien datuak hartu ditugu eta datorren astean esango diegu non eseri behar diren”.
Viedmak bihar goizeko bolillo erakustaldiaz hitz egin zuen. “Iaz Zumarragan egin genuen eta aurten, bi herriotakoak garenez, Urretxun egingo dugu. Urtero Lurra dantza taldearen herri arteko folklore jaialdiko azokan parte hartzen dugu eta, hala, hor egingo dugu. Toki ezberdinetako 108 pertsonek parte hartuko dute”.
Osinaldek beraien helburua herritarrei musika ikasteko eta egiteko aukera ematea dela esan zuen. Urteroko moduan, ostiralean pasakallea egingo dutela eta astelehenean dantzaldia egingo dutela gogoratu zuen. “Garai batean, bandek astero horrelako dantzaldiak egiten zituzten. Urretxuko jaietakoa adin guztikoentzat da, baina bereziki helduei zuzendua dago”.
Gonzalez de Galdeanok Goierri elkarteak antolatzen duen sukaldaritza lehiaketaz hitz egin zuen. “42 kuadrillek eman dute izena”, esan zuen. Txistulariek ere hainbat emanaldi egiten dituzte Santa Anastasia jaietan. Larunbateko kontzertua jaietako ekitaldi parte hartzaileenetakoa dela aipatu zuen, musikari askok parte hartzen baitute. Alvarezek Goiargik ere txistu kontzertuan parte hartuko duela gogoratu zuen. Horretaz gain, igande eguerdian kantu poteoa egingo dute.
Fernandezek aurtengo karrozen maila “oso txukuna” dela aipatu zuen. Kuadrillen arteko giroa oso ona da eta larunbat honetan txistorra jana eta trikipoteoa egingo dituzte. Arrutik larunbateko idi probaz eta asteleheneko sokatira txapelketaz hitz egin zuen. Idi proba saioak 13:00etan eta 18:00etan izango dira. Goizean bi idi parek parte hartuko dute eta arratsaldean beste bi idi parek. Urretxuko denborak Zumarragan lortutakoei gehituko zaizkie eta hiru onenak Santa Lutzi eguneko finalera pasako dira. Gainera, igandean, 10:30ean, itzainek idiak nola atontzen dituzten ikusteko aukera izango da Gernikako Arbola plazan. Bestalde, herritarrak sokatira txapelketan parte hartzera animatu zituen.
Ugarteburuk eta Calvok bihar goizean Gernikako Arbola plazan jokatuko diren bola eta toka txapelketez hitz egin zuen. Bolatoki eramangarri bat ekarriko dute eta herritarrak parte hartzera animatu zituzten.
Bukatzeko, Fidalgok hainbat oharren berri eman zuen. Jaietako zapiak kultur etxean jarri dituzte salgai, asteleheneko kuadrillen bazkarian parte hartu nahi dutenek kultur etxean eman behar dute izena (hilaren 16, 17 eta 18an, 19:00etatik 20:30era), ostiral eta larunbat gauean Legazpitik Urretxura etortzeko autobus zerbitzua egongo da eta larunbat gauean Bergara, Antzuola, Beasain eta Ordiziatik etortzeko autobus zerbitzua.
Bestalde, lehenengoz, karroza desfilean herritarren saria emango da. Karrozak 17:00ak arte Labeaga kalean izango dira eta herritarrek gustukuen dutenaren alde bozkatuko dute, karroza eguneko eskuorriko QRaren bidez.
Santa Anastasia jaietako egitaraua