Urretxuko abeltzainen elkargune izan da Abenida, gaur goizean. Abelburu lehiaketa egin dute, Santa Anastasia jaiak atzo hasi eta oraindik lehen gaupasaren hondarrekin bat eginda. Zazpi baserritako 26 buru jarri dituzte erakusketan. Donardegi (6 buru), Ipeñarrieta (4), Beidakar (3), Beain (3), Ertsolegi (2), Agerre (5) eta Iturbe behekoa (3) baserrietako aziendaren onena erakutsi dute.
Bost arraza desberdin alderatu eta behatu ahal izan dira, eta lehiaketa antolatu dute, lau kategoriatan. Limousinetan (9 buru denera), Donardegi baserriko Mikel Elgarrestak eraman du saria, arre alpetarren (5 buru zeuden) atalean Ertsolegiko Inazio Zangituk, frisiarretan (6) Agerreko Iñaki Sasietak, eta mestizoetan (5) Beidakarreko Aloña Betegik.
Herritarrentzat erakargarri, probatxo bat ere jarri dute. Donardegi baserriko behi baten pisua asmatu behar zen, apustutxo bat jokatuta. Hain zuzen, 5 urtetik gorako behien arloan Euskadiko onenaren saria jaso duen Malen jarri dute ganadu ilaran aurrena. Begira, zenbateko pisua daukan, kilotan bota behar zuen jendeak. Jende askok parte hartu du. Azkenean, 1.124 kilo dela argitu dute. Bi inguratu dira gehien, Joxe Migel Elgarresta (kurioski, behiaren jabearen izen berekoa) eta Jose Luis Aiastui. Biek 1.120 kilo eman zuten postura. Produktu saskikada bana jaso dute saritzat.
Abenidan, ekoizleen feria ere egon da, zazpi posturekin. Jatekoak, Aspaceren postua, ogi eta pastelak, arropa, oihal eta bitxiak, esnekiak, eta baserriko produktuak saldu dituzte. Amaia Iturriotz eta Maialen Akizu bertsolari urretxuarrek saioa egin dute, eta Tio Teronen Haurreskolari ikuskizunak osatu du eguartea.
Urretxu-Zumarragako 21. Idi Probaren saioa ere jokatu da.