Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamentuak Goierriko Lurralde Plan Partzialean parte hartzeko prozesuari ekin dio
Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamentuak duela hilabete batzuk hasi zuen Beasain-Zumarraga (Goierri) eremu funtzionaleko indarreko Lurralde Plan Partziala (LPP) berrikusteko prozedura. Informazio eta diagnostiko dokumentuak eta aurrerapen dokumentuak idatzi ondoren, horri dagokion parte hartze publikoko prozesuari ekin dio orain.
Azahara Dominguez diputatuak aipatutako dokumentuak aurkeztu ditu astearte honetan Goierriko landa ingurunearen alde lan egiten duen Goimen elkartearen egoitzan egin den jardunaldian. Gainera, elkarlanaren oinarriak eta parte hartze publiko irekia, gardena eta zeharkakoa aktibatzeko helburuarekin, bere alderdirik esanguratsuenak azaldu ditu. Plana idatzi duen taldearekin, Santiago Peñalba arkitekto urbanistak gidatuta, batera egin du aurkezpena.
Bere azalpenean, diputatuak Planak dituen erronka nagusiak azaldu ditu: Zumarragako eremuaren hiri-berroneratzea, Beasain-Ordizia-Lazkao espazioaren burua, Ezkio-Itsasoko Santa Luzia korridorea, eraztun berde baten eraketa, uholde arriskuak minimizatzea… Era berean, LPPk beste gai batzuk jorratu beharko ditu, hala nola erronka demografikoa, etxebizitzaren arazoa eta hiri hazkundearen perimetroak. “Prozesu luze bati ekin diogu. Guztion artean onartzen diren proposamenak egia bihurtu ahal izatea lortu behar dugu. Ilusioz, desioz, begirada zabalez, itxaropenez, baina oinak lurrean jarrita lan egin behar dugu horretarako. Izan ere, lanak ez du ezertarako balioko LPPren indarraldia igarota proposamen garrantzitsuenak eta estrategikoenak garatu ezin izan badira”, adierazi du diputatuak.