Zumarragako Udalak Zumarraga Berrikusi egitasmoa jarri du martxan herriko merkatariei laguntzeko. Aplikazio hori erabili eta herriko dendetan erosketak egiten dituztenek, zozketa batean parte hartzen dute hilero: 300 euroko bonu bat eta 30 euroko 10 zozkatuko dira hilero. Diru hori egitasmoarekin bat egin duten dendetan gastatu behar da. Iraileko 300 euroko saria Javier Barcinak irabazi du.
Zumarraga Berrikusi aplikazioa nahi duten guztiek erabili dezakete. Bertan, herriko eskaintzaren berri ematen da (kultura, kirola, turismoa eta merkataritza). Gainera, merkatariekin harremanetan jartzeko balio du. 100 establezimenduk baino gehiagok bat egin dute egitasmo honekin.
Hurrengo zozketa urriaren 7an egingo da. Zenbat eta erosketa gehiago egin atxikitutako dendetan, orduan eta sariren bat irabazteko aukera handiagoa. Udalak herritar guztiak aplikazioa erabiltzera animatu ditu. Informazio gehiago nahi dutenek, udalaren webgunera jo dezakete.