Maitane Ormazabalek eta Igor Meltxorrek, Iker Irribarria pilotari ohi aramarraren bizitzari buruzko liburua idatzi dute. Liburuan Irribarriari patxadaz egindako galderen erantzunak jaso dituzte: pilotariaren aurrekari eta ondorenak, nola bihurtzen den 18 urteko gazte bat kirolari profesional, nola irabazten duen lehen buruz buruko txapela urte beteren buruan, zer suposatzen duen dena berri, dena handi, dena gloria den historia baten parte izateak, eta zer, ibilbide horren hasiera bezain bukaera ezohikoak.
Ikerri nabari zaio esateko gogoa, zintzo eta ahalik eta zuzenen aukeratzen dituela hitzak, eta liburu hau badela bere nolabait, pilotaren kapitulua ixteko modu bat ere. Buru osasunaz, kirolariaren inguruko sareaz, egunerokotasunaz, aitatasunaz edo gizarteaz hizketan aritu dira Ormazabal eta Irribarria. Aramarrak garbi dio esandakoak berak bizitakotik eta berari egokitutako leku propio horretatik erantzun dituela. Ez dakiela besterik.
Liburua zorrotz.eus webgunean eskura daiteke, 15 euroan.