Astelehenetik aurrera Urretxuko udal ordezkariak herritarrekin elkartuko dira 2025eko aurrekontuetarako proposamenak jasotzeko
Lehen bilera Aparicio auzoan egingo dute
Urretxuko Udalak auzo bilerak antolatzen ditu urtero, hurrengo urteko aurrekontuetan herritarren eskaerak txertatzeko. 2025eko aurrekontuak zehazteko parte hartze prozesua datorren astelehenean hasiko da.
Lehenengo bilera astelehenean egingo dute, Aparicio auzoko bizilagunekin. 12:00etan egingo dute, auzoko elkartean. Bigarren bilera ere astelehenean izango da: udal ordezkariak Labeaga eta Pagoetako bizilagunekin elkartuko dira, 18:30ean, udaletxeko hirugarren solairuko bilera gelan.
Asteartean, 18:30ean, Santa Barbara, Elizalde, Matxinporta eta Gurutzeko bizilagunekin elkartuko dira. Bilera 18:30ean izango da, udaletxeko hirugarren solairuko bilera gelan. Ostegunean, 18:30ean, aldapako eta alde zaharreko bizilagunekin elkartuko dira. Bilera hori ere udaletxeko bilera gelan egingo dute.
Hurrengo bilera urriaren 14an (astelehena) izango da. Udal ordezkariak San Martin eta Barrenkaleko bizilagunekin elkartuko dira, ordu eta toki berean. Azkeneko bilera urriaren 15ean (asteartea) izango da, ordu eta toki berean. Basagasti, Sorginzulo, Lilibaso eta Mundo Mejor auzoko bizilagunekin elkartuko dira.
Bilera horietan, bizilagunek 2025ko aurrekontuari ekarpenak egiteko, aurretik egindako proposamenen egoera ezagutzeko, zalantzak partekatzeko… aukera izango dute. Helburua bizilagunen proposamenak jasotzea da, bizi diren eremuetan dauden arazoak konpontzeko.
Bileretara gerturatu ezin direnek beraien zalantzak, proposamenak edo ekarpenak helarazteko aukera dute sare sozialen, helbide elektronikoaren edo whatsapp zerbitzuaren bitartez. Baita herritarrak artatzeko zerbitzuan ere.