Kalejira bat grabatuko dute igandean Soraluze kalean, Zumarragak akordeoiaren historian izan duen garrantziari buruzko dokumentalerako
Gorka Hermosa akordeoilaria, Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko dokumentala grabatzen ari da, Zumarragako Udalaren laguntzarekin. Dokumentalaren zuzendaria Goya sarietara izendatu zuten Iñaki Pinedo da. Gonbidatuen artean Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea daude. Antxiñe Mendizabalek, Usoa Buscak eta Zuhaitzaren Soinuak ere parte hartu dute. Abuztuaren amaieran herritarrek erromeria bat antzeztu zuten San Kristobalen dokumentalerako. Oraingoan, berriz, Hermosak kalejira bat grabatu nahi du. Dokumentala kalejira horrekin amaituko da.
Kalejira igande honetan grabatuko dute: 12:00etan, Zumarragako Soraluze kalean. Ahalik eta trikitilari, dantzari eta ikusle gehien azaltzea nahi dute, trikitixak eta trikitizaletasunak bizirik jarraitzen dutela irudikatzeko. Trikitilariak 11:30ean elkartuko dira, Arratibel optikaren ondoan. Dantzariak eta ikusleak 11:45ean elkartuko dira, Areizaga-Kalebarren plazan. Trikitilariek Maria Jesus eta Beti Eskamak Kentzen joko dituzte. Kalejira Migel Lopez de Legazpiren estatuaren aurrean, Ezkiotarra tabernari begira, bukatuko dute.
Bi toma grabatuko dituzte: lehen kalejira bukatzean, irteera puntura itzuliko dute eta bigarren aldiz egingo dute kalejira. Kalejirako partaideak (trikitilariak, dantzariak eta ikusleak), nahi bezala joan daitezke jantzita, baina euskal trajeaz joaten badira hobe.