Sin Perdon rock taldea Legazpi, Urretxu eta Zumarragako lau musikari beteranok osatzen dute. ‘Siete muescas mas’ diskoa argitaratu dute. Bihar, 20:00etan, Zumarragako Huts tabernan aurkeztuko dute. Hilaren 25ean, 19:30ean, Legazpiko Karibe Zaharra tabernan joko dute.
Astearteko egunkariko azaleko protagonistak Zatekeen musika taldeko 20 urtetik beherako bost neskak izan ziren. Beraien gurasoak jarraitzaile finak dira eta kontzertu guztietara joaten dira. Sin Perdon taldea, berriz, 50 urtetik gorako lau gizonezkok osatzen dute. Beraien emazteak eta seme-alabak jarraitzaile finak dira eta kontzertu guztietara joaten dira. Musikak ez du adinik!
Sin Perdon taldea Javier Merino gitarrista eta abeslariak, Txusi Hospital gitarristak, Jesus Badias baxu-jotzaileak eta Xabier Muga bateria-jotzaile eta abeslariak osatzen dute. Lauak oso gaztetan hasi ziren musika munduan eta makina bat taldetan jo dute.
Hospitalek 14 urterekin ikasi zuen gitarra jotzen. “Lagun batekin ikasi nuen, Bruce-ekin. Ave Rock, Alien, Esfuerzo Muscular, Palmer, De Deukans eta Latido taldeetan jo dut. Denetik jo dut: pop, rock, heavy metal… Estilo guztiak onartzen ditut. Ia denetik entzuten dut eta sortzea gustatzen zait. Gauza berriak egitea”.
Badias Ainsakoa (Aragoi, Espainia) da, baina duela 20 urtetik hona Legazpin bizi da. “Nire kasa ikasi nuen baxua jotzen. Jaioterrian talde bat sortu genuen, baina ez zen oso ahalegin serioa izan. Duela bi urte Txusik deitu zidan eta sortzen ari ziren taldean baxua jotzea eskaini zidan. Gure alabak lagun minak dira eta Txusik eta biok ordu asko pasa ditugu elkarrekin parkean”.
Hospitalek Badiasen fitxaketaren azalpen zehatzagoa eman du. “15 urte ditugunetik, Javik, Xabik eta hirurok elkarrekin jo dugu. Iñaki Azkarate baxu-jotzailearekin jo izan dugu beti, baina egun Irunen bizi da. Hori dela eta, Sin Perdon taldea sortzea erabaki genuenean, Jesusengan pentsatu nuen. Ondo ezagutzen nuen eta banekien gurekin ondo konponduko zela. Giro ona dugu eta hori nabaritu egiten da”.
Mugak ere makina bat taldetan jo du: Familia Feliz eta Residuos punk taldeetan, Le Pendu pop taldean, ezkontzetan, Muchachoides punk-rock taldean… “Txusik eta biok estudioa dugu gure etxeetan. Bertan, abestiak sortzen ditugu. Ondoren, Javierrek iragazkia pasatzen du», azaldu du. «Egitasmo guztietan pertsona bakoitzak bere funtzioa izan behar du. Gure kasuan, taldea sortzea Txusiri bururatu zitzaion. Bost urte zeramatzen talde bat sortu behar genuela esaten. Nire semeak oraindik txikiak zirela esaten nion. Duela bi urte, azkenean, baietz esan nion. Eta buru-belarri ekin genion”, aipatu du Merinok.
Urte asko daramatza Hospital eta Mugarekin jotzen: Alien taldean, The Deukans taldean… “Ondoren, lanari eta familiari lehentasuna eman behar izan genien. Baina egun denbora gehiago dugu, etxeak ia ordainduta ditugu… eta rock-and-rollera itzultzea erabaki dugu. Inoiz baino indar handiagoz, gainera”. Hala, dagoeneko bi disko grabatu dituzte, bi bideo egin dituzte eta beste bi egin behar dituzte. Bideoak Mugaren alabak egiten ditu, Irudia eta Soinua ikasten ari baita.
Zerk bultzatzen du 50 urtetik gorako pertsona bat rock talde bat sortzera? “Rock talde batean taldekideen arteko harremana ona izan behar da eta guk aspalditik ezagutzen dugu elkar. Bagenekien ondo aterako zela. Primeran pasatzen dugu. Larunbatetan elkarrekin gosaltzen dugu, ondoren entseatzera joaten gara eta 12:00etan geldialdia egiten dugu etxetik eramandako tortilla jateko. Eta astean zehar beste bi egunetan elkartzen gara. Beti garaiz iristen gara, gainera. Inoiz ez da inor berandu heldu. Horri guztiari esker, gure soinu propioa dugu. Hiru bertsio ditugu eta hiruetan nabari da guk jotzen ditugula. Hiru bertsioak Los Secretos taldearen Buena chica, Antonio Machinen Angelitos negros eta Jose Luis Peralesen Un velero llamado libertad. Gezurra badirudi ere, abesti horiekin rock-and-rolla egitea lortu dugu”. Lortuko ez dute ba? 40 urte baino gehiago daramate rocka egiten! Senarrak, aitak, langileak… dira, baina hori guztia baino askoz ere lehenago rockeroak ziren dagoeneko.