Urretxu-Zumarragako herri kirol taldeak Goierriko beste sei talderekin indarrak neurtuko ditu, Goierriko Hitzaren 20. urteurreneko festan
Desafioa bihar arratsaldean izango da, Lazkaon
Bihar (larunbata) Goierriko Hitzaren 20. urteurren festa ospatuko da Lazkaon. 11:30etik 13:30era erraldoiek, buruhandiek eta dultzaineroek kaleak girotuko dituzte. 17:00etan Bakuntza taldeak alaituko ditu plaza inguruko kaleak. 18:00etan Goierriko zazpi herritako herri kirol taldeek indarrak neurtuko dituzte. 19:30etik 21:00etara trikitilariek kaleak girotuko dituzte eta 21:00etan herri afaria egingo dute.
Urretxu-Zumarragako herri kirol taldeak gogor prestatu du biharko desafioa. Idiazabal, Lazkao, Gabiria, Ataun, Beasain eta Olaberriako taldeekin neurtuko ditu indarrak. Lokotx bilketa (10 lokotx), trontza (neska batek eta mutil batek hiru korte), txingak (plaza bat joan-etorri, mutilek 50 kiloko txingarekin eta neskak 30 kilokoarekin), lasto altxatzea (zehazteke), ingudea (25 jotze, mutilak 14 kilokoarekin eta neskak 10ekoarekin), korrika (2 edo 3 itzuli), giza proba gurpilarekin (bi pertsonak plaza bat) eta sokatira egingo dituzte.
Lehen zazpi probetako denborak hartuko dira eta denbora onena egiten duen taldea finalera pasako da. Ondoren, sokatira egingo dute. Zazpigarren sailkatua seigarren sailkatuaren aurka arituko da, bosgarren sailkatua laugarren sailkatuaren aurka eta hirugarren sailkatua bigarrenaren aurka. Hirugarrena edo bigarrena (bien arteko sokatira lehia irabazten duena), finalera pasako da. Finalean denbora onena egin duen aurka lehiatuko dira, sokatiran.
Taldeak hamar lagunekoak izango dira eta horietatik bi gutxienez neskak izango dira. Urretxu-Zumarragako taldea Bego Aranguren Aranburu, Lukas Lopez Aldama, Kepa Telleria Aranguren, Aiert Zubillaga Arruti, Josu Plazaola Aranburu, Mikel Legarra Intxausti, Joanes Izagirre Antia, Ander Izagirre Antia, Jose Angel Aleman Dominguez eta Izaskun Arrutik osatuko dute. Gogor prestatu dute biharko saioa, Jexux Lizarazu entrenatzailearekin: azken hilabetean astean bita entrenatu dute. Lagundu dieten gainontzeko guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiete. Eta urretxuarrak eta zumarragarrak bihar Lazkaora joatera animatu dituzte, herriko taldeari babesa ematera.