Urretxuko EH Bilduk ordenantza fiskalen inguruko proposamena egin dio udal gobernuari. Proposamen “anbiziotsua”, baina “guztiz egingarria” dela diote.
Udalak eskaintzen dituen zerbitzu eta tasetan hobari sistema progresiboa martxan jartzea eta zerbitzuekiko irisgarritasuna unibersalizatzea proposatu dute. Horretarako, sei bloke ezberdinetan banatu dituzte proposamenak. “Termino alderdikoiak alde batera utzita, udal gobernuak benetan onartu ditzakeen aldaketak planteatu ditugu, proposamen guztiz egingarriak mahai gainean jarriz, beste zenbait udalerritan jada martxan daudenak”, gaineratu dute. “EH Bilduren eskua, beste behin, luzaturik dago mahaigaineratutako proposamenak udal gobernuarekin adosteko, herritarren ongizatea eta zerbitzu publikoen kalitatea lehenetsiz”.
Lehen proposamena kirol zerbitzuetako (udako igerileku irekia barne) bazkidetzagatik eta kultura eta denbora libreko ikastaroengatik ordaindu beharreko tasei errentaren araberako hobari sistema progresiboa aplikatzea da. “Honekin, lortu nahi dena zera da, bizikidetza unitateak kontuan hartuta, errenta maila baxuena duenari sarbidea erraztea, progresiboki”. Hobari sistema progresibo hau Zumarragarekin erabateko koordinazioan egitea proposatu dute, bi herrietako instalazioetan erabilgarri izan dadin.
Bigarren proposamena, etxebizitza hutsen IBIan (OHZ) errekargoa ezartzea da. Neurri honekin hutsik dauden etxebizitzak alokairura ateratzea eta etxebizitzarako eskubidea sustatzea lortu nahi da.
Hirugarren proposamena, genero ikuspegitik udal ordenantzen azterketa egitea da. “Urretxuko EH Bildutik uste dugu beharrezkoa dela ezartzen ditugun tarifek, hobariek eta ematen diren diru-laguntzek emakumeengan eta gizonengan zer nolako eragina duten aztertzea, egon daitezkeen desberdinkeriak nabarmentzeko” esan dute. Hori horrela, udal ordenantzak egitean Genero Eraginaren Aurretiazko Txostena egin beharko litzatekela uste dute.
Laugarren proposamena hondakinen tasari dagokiona da. Ekitatiboa izatea eta gutxien sortzen dutenak saritzea proposatu dute. “Gehien sortzen duenak kostuaren zati
handiagoa hartu behar du eta, era berean, gehien birziklatzen eta gutxien sortzen duenak saritua izan behar du”, esan dute. Horretarako, oinarrizko tasa finko bat definitzea proposatu dute, eta erroldatutako biztanle kopuruaren arabera tasak aldaketak izatea. Horrez gain, LAGS (Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata) eta erroldatutako biztanle kopuruaren araberako hobari sistema ezartzea proposatu dute.
Bosgarren proposamena trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokiona da. %100eko hobaria ibilgailu historikoek soilik izatea proposatu dute. Motor elektrikoa duten ibilgailuen kasuan, %90era arteko hobaria ezartzea proposatu dute. Egun %75ekoa da, eta hau ere errenta maila eta bizikidetza-unitatearen araberakoa izatea proposatu dute.
Seigarren proposamena, Urretxun merkataritzak bizi duen “egoera zaurgarria” kontuan izanik, merkataritza jarduerei, zerbitzuei eta bestelakoen lehen hiru tarteei tasa izoztea (0-750 m3 artekoak) da.
Azkenik, igoera orokor moduan %2,6a proposatu dute zerga eta tasetan, 2024ko abuztuko KPIaren araberakoa. “Honekin, gure helburu nagusia zerbitzu publikoen jasangarritasuna eta indartzea defendatzea da, udalak herritarrei ahalik eta zerbitzu publikorik hoberenak eskainiz. Hala eta guztiz ere, eztabaida igoeraren zenbatekoan baino igoeraren nolakotasunean dagoela uste dugu, eta oinarrizkoena progresibitatean indarrak jartzean datzala. Gakoa, azken batean, herritarren beharrak eta udalaren diru sarreren arteko finantza oreka lortzea da”, esan dute.