Juanjo Moral Cibrian zumarragarrak txirrindularitza eta Gerra Hotza uztartzen dituen eleberria idatzi du. Vencer en tierra de espias da liburuaren izenburua eta ostiralean aurkeztuko du, 18:30ean, Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezle lana Ines Benitezek egingo du.
Espioiak, traidoreak, inteligentzia agentziak, infiltratutako agenteak, Berlingo harresia… eta txirrindularitza dira Gerra Hotzaren garaian kokatutako lan honen mamia. Trama 1975ean garatzen da, eta Altzairuzko Oihala zeharkatu zuen Bakearen Lasterketa txirrindularitza proba du oinarri. Moralen aitak lasterketa hartan parte hartu zuen eta etapa bat irabazi zuen. Aitaren garaipenak eta bizipenak izan dira idazle berri honen inspirazio iturri.
Moral ingeniaria da eta Irizar enpresan lan egiten du, baina bere aitaren esperientzian oinarritutako liburua idaztea erabaki du. «Aitak Bakearen Lasterketan parte hartu zuen Altzairuzko Oihalaren beste aldera joatea oso zaila zen garaian eta berak han bizitakoari buruzko informazioa bildu nuen. Informazio horrekin zerbait egitea komeni zela pentsatu nuen. Kirol liburua egitea ez zitzaidan egokia iruditzen eta Gerra Hotzari buruzko nobela egitea erabaki nuen. 2020ko abenduan hasi nintzen».
Protagonista Max Werner Alemaniako Errepublika Demokratikoko armadako pilotua da. Stasiko goi mailako funtzionario baten semea da, baina informazio sekretuarekin harrapatuko dute eta ihes egin beharko du. Espainiako txirrindularitza selekzioak Bakearen Lasterketan parte hartuko du lehenengoz eta Britainia Handiko zerbitzu sekretuek Ramon Ibarburu hautatzailea errekrutatuko dute, Werner itzultzaile bezala hartzeko eta mendebaldeko Berlinera ihes egiten laguntzeko. Mendebaldeko Berlinera joateko jarriko duten aitzakia Campagnolo markako osagaiak erosi beharra da, baina ez zaie erraza izango.
Euskal Herrian
Istorioa Ekialdeko Alemanian, Txekoslovakian eta Polonian gertatzen da batez ere, baina baita Sobietar Batasunean, Espainian, Frantzian, Kuban eta Euskal Herrian ere. Pertsonaia batzuk euskaldunak dira (tartean Moralen aita) eta Bilbo, Donostia, Legazpi, Lazkao, Donibane Lohizune… agertzen dira nobelan. Izan ere, 1936ko gerrak eta Bigarren Mundu Gerrak ere tokia dute. «Nobelan, historiak, politikak, garapen pertsonalak, toki batean edo bestean jaiotzearen garrantziak, senitartekoen arteko harremanek, hezkuntzak, enpatiak… tokia dute. Pertsonaiek indar handia dute, izaera konplexuak dituzte, bizipen gogorrak pairatu baitituzte», azaldu du Moralek.
Asko gozatu du liburua idazten. «Nobela irakurri dutenek oso zirraragarria dela esan didate. Kapitulu bat amaitzen zuten bakoitzean, hurrengoa hasteko irrikatan zeudela. Eta amaiera harrigarria dela. Nik ere asko gozatu dut idazten. Ezin nion idazteari utzi. Gustuko telesail bat ikusten dugunean bezala gertatzen zitzaidan: hurrengo kapitulua idatzi nahi nuen. Gerra Hotzari buruzko telesail bat idazten ari nintzela iruditzen zitzaidan. Deutschland 84 edo Chernobylen modukoa».
Ez zuen liburua argitaratzeko asmorik. «Bukatu ondoren, bospasei pertsonek irakurri zuten eta denek oso ondo dagoela esan zidaten. Hori dela eta, argitaratzen saiatzea erabaki nuen. Ez nuen autoeditatu nahi eta argitaletxeetara bidali nuen. Kantabriako Estrella del Nortek liburuaren aldeko apustua egin zuen eta zazpi edo zortzi hilabete eman ditugu nobela zuzentzen, azala prestatzen… Aurkezpenak ez du datarik oraindik. Ahal den toki gehienetan aurkeztu nahi dut».
Ez dio liburu gehiago idazteari uko egiten. «Liburuak idazteak ez du inongo zerikusirik nire lanarekin eta lehen zientziak ala letrak galdetzen zidatenean zientziak erantzuten nuen beti. Baina idaztea asko gustatu zait. Ez dut beste liburu bat idaztea baztertzen. Ideia batzuk baditut».