Hiru igogailu jarriko dituzte Sorginzulo, Basagasti eta Lilibason eta 200 etxebizitza eraikiko dira
Urretxuko udal gobernuak (EAJ eta PSE-EE) 2023-2027 legealdi plana aurkeztu du. Hiru ardatz eta 87 ekintza jaso ditu bertan. Aurkezpen ekitaldian Jon Luqui alkateak eta Maialen Fidalgo, Igor Zubillaga eta Alex Gonzalez zinegotziek parte hartu dute.
Honakoa EAJren hirugarren legealdi plana da, 2015ean gobernua hartu zuenetik. Lehenengoz PSE-EErekin prestatu du, sozialistak gobernuan sartu baitira aurtengo udaberrian. «PSE-EEren presentziak legealdi planari bertan jasotako egitasmoak aurrera ateratzeko beharrezkoa den egonkortasuna ematen dio. Izan ere, gobernuak botoen %62aren babesa du. Gobernuak testatutako kudeaketa eredua eta etorkizunaren ikuspegi partekatu eta ez-baztertzailea ditu», esan du Jon Luqui alkateak.
Dokumentua teknikarien parte-hartzearekin egin dutela eta aurreko bien jarraipena dela gehitu du. «Lehenengoaren helburua aurkitu genuen egoera konpontzea izan zen, bigarrenarena egoera egonkortzea eta etorkizuneko Urretxu diseinatzen hastea, eta hirugarren honetan diseinatutakoa eraikiko dugu, gainontzeko erakundeekin, publikoekin eta pribatuekin. Gainera, diseinatutakoa hobetuko dugu, ekarpen berriekin».
Hiru ardatzak
Planaren hiru ardatzak Agenda 2030, euskara eta berdintasuna dira. Hiru ardatz horiek arlo guztietan presentzia dutela aipatu du Luquik. Bost arlo nagusiak Herri Bizia, Justizia Soziala, Hiri Garapen Jasangarria, Zorroztasuna eta Gardentasuna eta Garapen Ekonomikoa eta Enplegua dira.
Herri Bizia alorrari dagokionez, udalak 14,5 milioi bideratuko ditu datozen lau urteetan urretxuarren nortasun zeinuak bizirik mantentzera. Alor horrek kultura, kirola, gaztedia eta hezkuntza, euskara, jaiak eta bakea eta bizikidetza hartzen ditu. Pagoeta gune soziokulturalaren erosketa eta egokitzapena nabarmendu dute. Negu honetatik aurrera, jarraikortasunez egingo dira ekitaldiak bertan. Horretaz gain, udalak Mugitegi industrialdean musika taldeentzako entsegu lokal berriak egingo ditu, ikastolako kirol zelaian Aldiribi kiroldegia eraikiko du eta Mugitegin rokodromoa egingo du. Horretaz gain, «orain arte bezala», herriko elkarteei babesa emango die eta zerbitzuak indartuko ditu.
Justizia Soziala izeneko arloari dagokionez, egitasmo nagusia Zainketen Tokiko Ekosistema da. «Zainketak ulertzeko modu berri bat da. Urretxu aitzindaria izaten ari da. Eguneko zentroa handituko da, Pagoetan adinekoentzako apartamentuak egingo dira, eguneko arreta zerbitzua martxan jarriko da eta zaintzailen lan eta bizi baldintzak hobetuko dira».
Garapen Ekonomikoa eta Enplegua arloaren helburua lanpostuak eta aktibitate ekonomikoa sortzea da. Udalak landa gunean, industrian eta zerbitzuen arloan martxan jarriko dituen ekimenak jaso dituzte. Eskualdeko eragileekin jarriko dira martxan. Bai arlo publikokoak eta bai arlo pribatukoak. «Irimo eta Sarraldeko guneak begiratzea aski da bertan garatzen ari diren egitasmo ekonomikoek Urretxuren etorkizunean izango duten garrantziaz jabetzeko. Telleriaren tailer berriak, Smartlog enpresaren egitasmoa, gasolindegia eta datozen urteetan etorriko den gainontzeko guztia ondo hausnartutako lanaren ondorioa da. Ondo pentsatu ondoren erabaki dute Urretxura etortzea. Horren guztiaren atzean lan asko dago».
Kudeaketa eredua
Hori guztia zorroztasunez eta gardentasunez egin dutela azpimarratu du alkateak. «Proiektu estrategikoetan, guztien interesekoak diren egitasmoetan, inbertitu behar da. Baina handikeriarik gabe. Baliabideak herritarrekin batera kudeatzen jarraituko dugu. Euro bakoitza non, nola eta zergatik gastatu edo inbertitu dugun azalduko dugu. 2015ean aurrekontua 8,8 milioi eurokoa zen eta aurtengoa 13 milioitik gorakoa da. Legealdi honetan aurrekontu handiagoak izango ditugu oraindik eta orain arteko zorroztasun berarekin kudeatuko ditugu», aurreratu du.
Bukatzeko, alkateak hiri garapen orekatua eta jasangarria sustatuko dutela esan du. «Hirigintzan errespetuaren, ezagutza teknikoen, arrazoiaren, orekaren, gardentasunaren eta zintzotasunaren aldeko apustua egingo dugu. Hiru dira proposamen nagusiak: goiko auzoak herrigunearekin lotzeko hiru igogailu jarriko ditugu, 200 etxebizitza eraikiko ditugu (gutxienez 79 babestuak izango dira) eta aparkalekuen kudeaketa hobetzeko oinarriak ezarriko ditugu. Igogailuei dagokienez, batek Labeaga eta Sorginzulo lotuko ditu, bigarrenak Labeaga eta Basagasti eta hirugarrenak Pagoeta eta Lilibaso».
Espaloiak berrituko dituzte, Areizaga plaza eta Madaiakoa zaharberrituko dituzte eta Mundo Mejorren aparkaleku berri bat egingo dute. Legealdi honetan 15 milioi euro inbertitzea espero dute.