Kontsumo ohituren aldaketak medio, Alex Albisuak eta Irene Bernabek Alex Kirolak denda itxi behar dute. Alex Kirolak Albisuaren gurasoek ireki zuten, duela ia 50 urte, Zumarragako Soraluze kalean. Zumarraga eta Urretxuko kirol denda beteranoena da eta albisteak herritarrak penatu ditu.
Denda baten itxiera beti da tristea. Are gehiago, denda hori historikoa denean eta ixteko erabakia hartu behar izan dutenak oraindik gazteak direnean. Hori da Alex Albisuaren eta Irene Bernaberen kasua. Zumarragar eta urretxuar askok jaio zirenetik ezagutzen dute Alex Kirolak denda. Hori izan zen beraien lehen kirol denda. Gurasoen eskutik ezagutu zuten eta azken urteotan beraien seme-alabak eraman dituzte bertara.
Alex Kirolak Albisuaren gurasoek ireki zuten. Aita okina zen lanbidez, baina pilota munduarekin lotura estua zuen. Hala, kirol denda irekitzea erabaki zuten. «Umetan, anai-arrebok ordu asko eman genituen dendan. Denda duten familietan, denda beti presente dago. Ama beti hemen zegoen eta dendaren inguruan bizi ginen».
1991n Albisuak gurasoei lekukoa hartu zien. «Beraientzako dagoeneko gehiegizkoa zen eta nik hartzea erabaki nuen. Aukera suertatu zen, hasi egin nintzen… eta konturatzerako urte asko pasa dira. Dendari nire kutsua ematen saiatu nintzen. Bi obra egin nituen: lehenengoa denda eta hartu gutxira eta bigarrena duela 20 urte. Bigarrenean dendaren egitura aldatu nuen».
Gustura aritu da. «Lan honetan beste batzuetan baino tratu handiagoa duzu jendearekin. Harreman pertsonalak sortzen dira eta lana ez da monotonoa. Gizartearen erritmoaren arabera, eguneratzen saiatzen zara. Berriztatzeak ez nituen egin asko saltzen nuelako, baizik eta dendari bultzada bat eman behar zaiolako, irudia berritu behar delako…».
Aldaketak
Lanbidea asko aldatu da azken hamarkadetan. «Gurasoen garaian ez zegoen merkataritza gunerik. Nire garaian hasi ziren. Azkeneko urte hauetan, berriz, Internet eta sare sozialak heldu dira. Krisi ekonomikoak nahiko ondo pasa nituen, baina azkenaldi honetan ez nintzen aurrera egiteko gai. Pandemiatik hona, batez ere. Ez naiz inoiz sare sozialean zalea izan eta, beharbada, horrek ez dit mesede egin. Bestalde, jendearen kontsumo ohiturak aldatu egin dira. Beste erosketa batzuei lehentasuna eman die. Denerako ez du ematen eta Internetek merkeago erosteko aukera ematen du».
Albisuak 52 urte ditu oraindik. «15 bat urte gelditzen zaizkit erretirorako eta ez nuen 15 urte irauteko modua ikusten». Erabakia hartzea «oso gogorra» izan da. «Garai hobeak iritsiko direla pentsatzen duzu, egiten ari zarenak fruituak emango dituela… Baina… Bestalde, urte asko daramatzagu hemen eta horrek pisu handia du. Baina azkenean erabakia hartu dugu. Erakusleihoan kartela jartzea asko kosta zitzaidan. Kartela jartzen duzun unetik aurrera, ez dago atzera bueltarik. Jende asko etorri zaigu, harrituta. Ez zuten uste inoiz gertatuko zenik. Baina penak eta lanean urte asko eramateak ez dute jaten ematen. Ez dugu itxiera datarik. Ahalik eta azkarren itxi nahi dugu, baina salmenten arabera izango da».
Herritarrei eskerrak eman nahi dizkie. «Jendeari esker bizi izan gara. Esker ona besterik ezin diegu azaldu. Ate bat ixten denean, beste bat irekitzen da. Beste nonbaiten ikusiko gara. Aitaginarreba zena ere ez dut ahaztu nahi: beti laguntzeko prest zegoen. Denda txikiek hori dute: beti familiari laguntza eskatzen diozu».
Etorkizunera begira, ez du ezkorra izan nahi. «Lokal huts asko daude. Merkataritza aldatu egingo da. Zaila da gurea bezalako denda bat irekitzea, ez baduzu talde handi baten babesa. Lokala erosi edo alokatu, lokala jantzi, sei hilabetero salgai duzun arropa aldatu… Komertzioa orain arte baino txikiagoa izango dela pentsatzen dut, garaian garaiko zerbitzuei lotua. Garai batean lokutorioak egon ziren, ondoren fruta dendak ireki zituzten, egun telefono mugikorrekin lotutako dendak eta azazkalak zaintzekoak irekitzen ari dira… Gainera, jendeak lantegi batera doanean ordutegiaren eta soldataren berri izan nahi du. Merkataritzan ez dugu ez ordutegi eta ez soldata finkorik. Denda bat irekitzeko gauzak oso argi izan behar dituzu. Ilusio handia izan behar duzu. Bestela… Gainera, gazte jendeak beste erosketa filosofia bat du».