Juanjo Moral Cibrian zumarragarrak txirrindularitza eta Gerra Hotza uztartzen dituen eleberria idatzi du. Vencer en tierra de espias da liburuaren izenburua eta gaur Zelai Arizti kultur etxean aurkeztu du. Aurkezle lana Ines Benitezek egin du.
Espioiak, traidoreak, inteligentzia agentziak, infiltratutako agenteak, Berlingo harresia… eta txirrindularitza dira Gerra Hotzaren garaian kokatutako lan honen mamia. Trama 1975ean garatzen da, eta Altzairuzko Oihala zeharkatu zuen Bakearen Lasterketa txirrindularitza proba du oinarri. Moralen aitak lasterketa hartan parte hartu zuen eta etapa bat irabazi zuen. Aitaren garaipenak eta bizipenak izan dira idazle berri honen inspirazio iturri. Moral ingeniaria da eta Irizar enpresan lan egiten du, baina bere aitaren esperientzian oinarritutako liburua idaztea erabaki du.
Protagonista Max Werner Alemaniako Errepublika Demokratikoko armadako pilotua da. Stasiko goi mailako funtzionario baten semea da, baina informazio sekretuarekin harrapatuko dute eta ihes egin beharko du. Espainiako txirrindularitza selekzioak Bakearen Lasterketan parte hartuko du lehenengoz eta Britainia Handiko zerbitzu sekretuek Ramon Ibarburu hautatzailea errekrutatuko dute, Werner itzultzaile bezala hartzeko eta mendebaldeko Berlinera ihes egiten laguntzeko. Mendebaldeko Berlinera joateko jarriko duten aitzakia Campagnolo markako osagaiak erosi beharra da, baina ez zaie erraza izango.