Urretxuko gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) legegintzaldi honetarako plana aurkeztu du eta EH Bilduk gobernu taldearen lankidetzarako “borondate falta” salatu du. Horra hor EH Bilduk komunikabideetara helarazi duen idatzia.
“Aste honetan jakin dugu prentsaren bitartez Urretxuko udal gobernuak 2023-2027 legegintzaldirako plana aurkeztu duela. Bai, ongi diogu, 2023tik aurrerako plana, noiz eta indarrean dagoen agintaldi honek jada 16 hilabete bete dituen honetan, herena jada igaro dugunean. Herriko zein eskualdeko komunikabideek jasotzen dutenaren arabera, hainbat ardatz eta neurri jasotzen omen ditu planak, eta xehetasunetara joanda, horietako gehienek berrikuntza gutxi suposatzen dute jada iragarrita edota martxan daudenekin, horietako askok eta askok hamarkada bat baino gehiago baitaramatzate indarrean. Plana bera idatziz eskatu behar izan dugu, eta espero dugu gardentasunaren eta gobernu onaren printzipioei jarraiki, ahalik eta azkarren igorriko zaigula, xehetasunez aztertuko baitugu bertan jasotakoa.
Zinez, ulergaitza zaigu udal gobernu berri honen jarduteko era, autokritikarako tarte apurra eta oposizioaren proposamenen aurrean erakusten duen gutxieste jarrera iraunkorra. Izan ere, ezezkoa eman baitie legegintzaldiaren lehen heren honetan EH Bilduk egin dituen proposamenen %90ari baino gehiagori. Deigarria da oso jarduteko modu hau, gotortze ariketa hau; are gehiago demokrazia molde kolaboratibo edo kooperatiboak gailentzen ari diren garaiotan, oinarrizkoak diren politikak aurrera ateratzeko unean. Horren adibide argia da Gipuzkoan gertatzen ari dena, non 2025ean indarrean sartuko den erreforma fiskal berria, progresiboagoa eta justuagoa izango dena, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren artean adostua izan den. Edo maila lokalera etorrita, bi adibide garbi: Andoaingo udal gobernuak, EH Bildu buru duenak, 2024rako aurrekontuak EAJrekin adostu zituen; eta berriki, EH Bilduk gidatzen duen Zumaiako udal gobernuak, nahiz eta gehiengo zabala izan, 2025erako ordenantza fiskalak gainontzeko alderdiekin, aho batez, onartu zituen.
Eta are gehiago: agerikoa da Urretxuko eta Zumarragako alkateen arteko harremanak zeharo kaltetuta daudela. Bi herrietako herritar guztiok argi dugu ondoko herriarekin harreman saneatuak izatea ezinbestekoa dela, gero eta erronka partekatuagoak baititugu Urretxu eta Zumarragaren artean: izan alor sozialean, mugikortasunean, zein kultura eta kirol eskaintzari dagokienez (alor batzuk aipatzearren).
Edozein kasutan, EH Bildutik argi dugu elkarlana funtsezkoa dela herrigintzan zein politika berdinzaleagoetan aurrera egiteko. Eta ildo horretan lanean jarraituko dugu, orain arte egin dugun moduan, jarrera eraikitzailez eta herritarrekin batera landutako proposamenak eta proiektuak lantzen. Izan ere, urretxuarrek azken hiru hauteskunde deialdietan lehen indarra izateko konfiantza eman digute, eta ardura horretatik abiatuta, Urretxu biziagoa osatzeko konpromisoan berresten gara, aurrez aurre ditugun erronka handiei erantzuteko prest”.