Datorren ostiralean eta larunbatean (urriaren 25ean eta 26an) buzkantzarekin edota odolkiarekin egindako pintxoen lehiaketa egingo dute Zumarragan. Bidezar, Hirukia, Saski, Urzubi eta Ziaboga tabernek parte hartu dute. Ostiralean (19:00etatik 21:00etara) eta larunbatean (12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara) Zumarragara gerturatzen direnek lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatu ahal izango dituzte bost taberna horietan.
Pintxoak dastatzen dituztenek bi zozketatan parte hartu ahal izango dute. Tabernetan eskuorriak emango dituzte pintxoen truke eta horiek bete eta kutxetan sartzen dituztenek bazkari edo afari baten zozketan parte hartuko dute.
Bestalde, lehenengoz, herritarren saria emango da. Gustuko pintxoaren alde bozkatu ahal izateko, Zumarragako Udalaren Berrikusi aplikazioa jaitsi beharko da mugikorrera eta horren bidez bozkatu. Aplikazio hori mugikorrean ez dutenei aplikazioa jaisten lagunduko diete ostiral arratsaldean eta larunbat goizean, udaletxe ondoan egongo den etxolan. Botoa ematen dutenen artean beste bazkari edo afari bat zozkatuko dute.
Sari nagusia epaimahaiko kideek emango dute. Etxeberri jatetxeko Bixen Egigurenek, Ezkioko Argindegi ostatuko Josu Landak eta Casinoko zuzendaritzako kide batek osatuko dute epaimahaia. Aurten, lehenengoz, epaimahaiko kideek Casino elkartean eta itsu-itsuan egingo dute dastaketa. Parte hartzaileek hara eramango dituzte pintxoak edo, nahiago badute, bertan prestatuko dituzte.