Ostegunean, 16:00etatik 18:30era, Klima Azoka egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan. Ekintza hau Asteklima 2024ren barru egingo den herriz herriko ekintzetako bat da eta antolatu duten erakundeek herritarrak parte hartzera animatu dituzte.
Klima Azoka proposamen ibiltaria da, eta herritarrak klima aldaketaren ondorioei buruz sentsibilizatzea eta mobilizatzea du helburu. Eguneroko keinu txikiek duten garrantziari buruz ere sentsibilizatu nahi du, herritarrek komenigarriak ez direnak baztertu ditzaten eta egokiak direnak hartu ditzaten.
Azokara hurbiltzen direnek karpa ezberdinak aurkituko dituzte. Karpa bakoitzean gai bat landuko dute: klima aldaketa, etxeko ohiturak, mugikortasuna, aisialdia, kontsumoa, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektua…
Karpa bakoitzak autodiagnostiko probak, informazioa eta egin daitezkeen jarduerak biltzen ditu, pertsona bakoitzak jakin dezan nola formalizatu konpromiso indibidual bat, gizartearekin batera modu erabakigarrian lagunduko duena.
Klima Azoka Ihobek, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, eta EEEk, Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundeak, sustatu dute; Uggasa garapen agentziaren eta Urretxuko eta Zumarragako udalen babesarekin.