Gipuzkoako Foru Aldundiak Azkoitia-Urretxu errepidearen hobekuntza lanen bigarren faseari ekingo dio aurki. 13,3 milioi euroko inbertsioak jarraipena emango die errepidearen segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko lanei. Fase honetan aurreratzeko errei berria gehituko da eta ingurumenaren berreskurapeneko neurriak aplikatuko dira. Obraren iraupena 31 hilabetekoa izango da.
Bigarren fasearen berri gaur eman dute, obra egingo den tokitik gertu: Igaran zentral eolikoaren sarreran. Ekitaldian Eider Mendoza diputatu nagusiak, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak, Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak parte hartu dute.
Obra hau oso garrantzitsua da Urola Erdiko eta Goierri garaiko bizilagunentzat. Izan ere, errepidea sigi-sagatsua da eta kamioi askok erabiltzen dute. Hori dela eta, nekeza eta arriskutsua da eskualde batetik bestera pasatzea.
Trafikoa arintzeko eta gidarien segurtasuna hobetzeko, aldundiak errepideko hiru zatitan hirugarren errei bat egitea erabaki zuen. Hirugarren errei hori aurreratzeko erabili ahal da. Hirugarren errei horren zati bat Azkoititik Urretxura doazenek erabiltzen dute eta beste bat Urretxutik Azkoitira doazenek.
Hiru erreiko lehen tartea iazko maiatzean ireki zuten eta bigarrena, ondo bidean, 2027an irekiko da.