Javier de Luz (Zumarraga, 1970) pilotariak ibilbide bikaina osatu zuen afizionatu mailan. 1999an Amerikako Estatu Batuetara joan zen bizitzera. Egunotan Zumarragan da.
Gutxi izango dira pilota Javier de Luzek bezainbeste maite dutenak. Mutikoa zenean Zumarragak herri arteko txapelketan jokatu zuen azken finalean parte hartu zuen. Afizionatu mailan txapelketa asko irabazi zituen eta pilotaren eskutik Amerikako Estatu Batuetara (AEB) joan zen bizitzera. 40 urte bete arte jokatu zuen. Igandero ETB1en pilota partidarekin gosaltzen du.
Nolatan hasi zinen pilotan jokatzen?
Nire aita pilotazalea da, baina ikastetxean zaletu nintzen. Zelai Arizti ikastetxean ikasi nuen eta ondoan pilotalekuan genuenez, jolastorduetan bertan jolasten genuen: teniseko pilotarekin, ahal zenean larruzkoarekin, euria egiten zuenean… 6-7 urterekin pilota eskolan hasi nintzen. Garai hartan Zumarragak oraindik ez zuen pilotaleku estalirik eta La Salle-Legazpiko pilotalekuan entrenatzen genuen. 17:00etan irteten nintzen eskolatik eta 21:00ak arte egoten nintzen bertan. Arratsalde guztia pilotan jokatzen ematen nuen. Inoiz ez dut eskuetako arazorik izan eta hori umetatik asko jokatu dudalako dela uste dut. Egungo ume askok eskuak ez dituzte zailduta. Astean behin entrenatuta ezin dira eskuak zaildu.
Norekin ikasi zenuen pilotan jokatzen?
Antonio Elizondo eta Alejandro Albisua aita bezalakoak izan niren niretzat.
Pilotan jokatzen hasi zinenean, pilotak urrezko aroa bizi zuen Zumarragan.
Zumarragak herri arteko txapelketan jokatu zuen azken finalean parte hartu nuen. 13 urte nituen. Oker ez banaiz, finala Mikel Etxeberria eta biok, Aitor Gabilondok eta Jose Javier Arratibelek eta David Urzelaik eta Jose Luis Kerejetak jokatu genuen. Finala Azkoitiaren aurka jokatu genuen. Guk 2 eta 18 galdu genuela uste dut, Zubizarreta eta Suduperen aurka. Zubizarretak pala bat zuen besoan. Beraiek haur mailako azken urtean zeuden eta ni txikiagoa nintzen. Anoeta pilotalekua beteta ikustea sekulakoa izan zen. Ez dut sekula ahaztuko.
Zumarragak Urretxuko pilotalekuan jokatzen zituen partidak ere sekulakoak izaten ziren.
Ederrenako partida haiek pilota munduan gertatu zaidan gauzarik politena dira. Ederrena zaharra bezain xarmanta zen. Eta ikusleek guk bezainbeste bizi zituzten partidak. Kalean galderak egiten zizkiguten, animatu egiten gintuzten…
Noiz arte jokatu zenuen pilotan?
29 urterekin utzi nuen. Amerikara joan nintzen arte jokatu nuen. Garai hartan afizionatu mailako pilotariok partida asko jokatzen genituen eta pilotan lanean baino gehiago irabazten nuen. Afizionatu mailako pilotari ona izatea profesional mailako pilotari txarra izatea baino hobea zen. Urte batean 100 partida baino gehiago jokatu nituen. Abuztuan 15-20 partida jokatzen nituen. Txapelketa asko irabazi nituen. Lehena Tolosan irabazi nuen: 13 urterekin Gipuzkoako txapelketa irabazi nuen. GRAVN txapelketa ere jokatu nuen. Jokin Etxanizekin jokatu nuen. Bizkaian txapelketa guztiak irabazi nituen, Ortuellakoa izan ezik. Euskal Liga, Euskadiko txapelketa eta Espainiako txapelketa ere irabazi nituen.
Amezketako Zazpi Iturri klubarekin jokatu zenuen.
Xalton Zabalarekin gogor entrenatzen genuen. Eneko eta Aritz Galartza eta Juan Antonio Artolarekin entrenatzen nuen. Astean bitan entrenatzen genuen, bi ordu eta erdi. Zazpi Iturritik Gipuzkoako pilotari ia guztiak pasa dira: Irribarria, Tolosa, Altuna… Xalton maisuen maisua da.
Zer eman dizu pilotak?
Pilotak nire bizitza gidatu du. Bizi naizen tokian bizi banaiz, pilotarengatik da. Euskal Ligako saria AEBra joatea zen. Euskal Jaietan jokatzen genuen. Hiru urte jarraian joan nintzen. Nire lehen emaztea han ezagutu nuen. Sunbillatik Amerikara joandako artzain baten alaba da. 1997an Urretxura etorri zen bizitzera eta 1999an ezkondu egin ginen, baina familia faltan sumatzen zuen eta Amerikara itzuli ginen.
Zertan lan egiten zenuen?
Nire lehen emaztearen familiak esnetarako behiak ditu Chinon (Kalifornia). 1.500 behi dituzte. Soldatzen nekien, nire lehengusu Mikelekin ikasi nuen, eta puskatzen ziren gauzak soldatzen jarri ninduten. Inguru hartan beste euskaldun batzuek ere esnetegiak dituzte eta horiek ere lana ematen zidaten. Bi seme izan genituen: Asier eta Aingeru. AEBko hiritartasuna lortu nuen eta munduko txapelketa jokatu nuen AEBrekin. 2007an emaztea eta biok banandu egin ginen.
Zer egin zenuen gero?
Hilabete batzuen ondoren, Euskal Herrira itzultzeko asmoa nuen. Baina… Bakersfield-en (Kalifornia) lan egiten nuen eta hango euskal piknikean pilotan jokatzeko deitu zidaten. Euskal Herritik Ariznabarreta, Errandonea, Nagore eta Ruiz de Larramendi joan ziren. Nagorek behatza hautsi zuen eta berak jokatu behar zituen partida guztiak jokatu behar izan nituen. San Franciscoko partidan nire egungo emaztea ezagutu nuen. Bi emazteak San Franciscoko euskal etxean ezagutu nituen eta bien aitak Sunbillakoak (Nafarroa) dira! Bigarren emaztearekin bi alaba izan ditut: Olaia eta Haizea. San Franciscotik 20 minutura bizi gara, Novato izeneko herri batean. Emaztea erizaina da eta ni lorezaina. Boise-n (Kalifornia) ere etxea dugu eta euskal etxeko jaietara joaten gara. Azaroan bertara joan behar gara, Realaren lagun taldearen aurkezpenera.
Euskaldunen artean harreman estua al duzue?
Bai. Nire lagun onena, Aritz, Oñatikoa da. Gauza asko ditugu komunean: bera ere amerikar batekin ezkondu zen, berak ere familia hemen du, kultura bera dugu…
Pilotan jokatzen jarraitzen al duzu?
Ez. 2010ean jantzi nintzen txuriz azkenekoz: Paue-n (Frantzia) egin zen munduko txapelketan. 40 urte nituen. Uzteko garaia zen.
Euskaldunak ezagunak al zarete AEBn?
Geroz eta gehiago. Izan ere, euskal sukaldaritza, Donostia eta Bilboko Guggenheim oso ezagunak egin dira AEB-n. Lehen artzainengatik ginen ezagunak. Langile ospea genuen. Euskalduna zela esaten zuenari, berehala lana ematen zioten.
Sarritan etortzen al zara Euskal Herrira?
Ahal dudan guztietan. Apirilean berriro etorriko naiz: Amezketan Zazpi Iturri klubaren 50. urteurrena ospatuko dute eta gonbidatu egin naute. Udan familiarekin etorriko naiz. Alabak Zumarragako jaiez gozatzeko irrikatan daude. Hemen AEB-n baino askatasun handiagoa dute, denok elkar ezagutzen baitugu.
AEBn zerbait faltan sumatzen al duzu?
Familia eta lagunak, noski. Gurasoak zahartzen ari dira eta ni oso urruti nago. Janaria, poteoa eta frontoia ere faltan sumatzen ditut. Zorionez, ETBri esker, Euskal Herria nire etxera etortzen da. Ostiraletan, lanetik itzultzen naizenean, garagardo bat ireki, Nahieran jarri eta ostiral gaueko partida ikusten dut. Igandetako partida zuzenean ikusten dut: han bederatzi ordu gutxiago direnez, gosaltzen dudan bitartean ikusten dut. Zoragarria da. Kanpoan bizi garenontzat, sekulakoa da. Hiltzen naizen arte, pilota partidak ikusten jarraituko dut. Eta Otamotz-i eta Facebook-i esker, Zumarragan gertatzen den guztiaren berri dut.
Bukatzeko, zein da zure pilotari kuttuna?
Altuna, noski. Gauzak zailtzen direnean, hazi egiten da. Berak egiten dituenak ez ditu beste inork egiten. Egun jokatuko banu, ez nintzateke horren urrutira iritsiko. Egungo pilotekin ezingo nuke jokatu. Retegik egungoekin jokatu beharra izango balu, ez litzateke horren ezaguna izango. Egungo jokoa oso ikusgarria da, baina pilota apur bat motelagoa izatea gustatuko litzaidake. Borrokatuagoa izango litzateke. Berdintasun handiagoa egongo litzateke. Lehengoan Etxeberriaren pilota batek txapa baino metro bat gorago jo zuen eta bost eta erdira iritsi zen. Oso ikusgarria izan zen, baina ez naiz ni izango eskua hor sartuko duena… Hori bai, Zabaleta eta Altuna ikuskizun hutsa dira. Irribarria ere asko gustatzen zitzaidan.