Xabier Ormazabalek igotako mendietan jaso zituen harriak erakutsiko dituzte Mineralogia eta Paleontologia Astean
Mineralogia txangoa larunbat honetan egingo dute eta azoka eta haurrentzako parkea azaroaren 1, 2 eta 3an izango dira
Larunbatetik aurrera Mineralogia eta Paleontologia Astearen 36. edizioa egingo dute Urretxun. Urteroko moduan, txangoa, bisita gidatuak, hitzaldia, erakusketa, azoka eta haurrentzako parkea izango dira. Aurten Xabier Ormazabal urretxuarraren heriotzaren 20. urteurrena da eta omenaldia egingo diote: igo zituen mendietatik ekarritako harriak erakutsiko dituzte.
Erakusketaren izenburua Elurretako lehoinabarraren oroitarria da. Izan ere, SESBeko mendi altuenak igotzen zituenari Elurretako lehoinabarra titulua ematen zioten eta Ormazabalek balentria hori lortu zuen. Erakusketa udaletxeko portaloian egingo dute, astelehenetik igandera. Astelehenetik ostegunera 17:00etatik 20:00etara irekiko dute eta ostiraletik igandera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Mineralogia eta Paleontologia Astea gaur aurkeztu dute. Javier Aguadok (Astearen sustatzaileak) erakusketari buruz hitz egin du. «Xabiri elkarrizketa egin nion batean, gailur bakoitzetik bizpahiru harri ekartzen zituela esan zidan. Erakusketa bat egitea proposatu nion eta azkenean lortu dugu. Harriekin batera, noiz eta non jaso zituen jarriko dugu. Bere amak horrela gorde zituen harkaitz horiek guztiak».
Aurtengo beste berrikuntzetako bat ButaK 21 zineklubaren partaidetza da. «Astearen helburuetako bat transbertsalitatea da: herriko gainontzeko elkarteekin lan egitea eta guztien ekarpenak jasotzea. Hala, Argazkia elkarteak argazki lehiaketa antolatzen du eta aurten ButaK 21ek emanaldia egingo du».
ButaK 21eko Javier Martinek eman du emanaldiaren berri. «Gure helburua ez da pelikulak ematea bakarrik, baita herritarren eta elkarteen arteko hartu-emana sustatzea ere. Aurten Mineralogia eta Paleontologia Astearekin lankidetza hasi dugu. Hilaren 30ean bi pelikula emango ditugu: La mina de los dinosaurios eta El misterio de los cristales gigantes. Bigarren hau haitzuloen munduko Kapera Sixtinoei buruzkoa da. Mundu osoko unibertsitateetan ematen dute, ikasleak motibatzeko. Emanaldian Aguadok, Javier Trueba zuzendariak eta Juan Manuel Garcia Ruiz zientzialariak parte hartuko dute». Emanaldia 20:00etan izango da, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Aipatutako ekitaldiez gain, larunbatean irteera mineralogiko eta geologikoa egingo dute. Errioxara joango dira: Igeara eta Arnedora. Hurrengo larunbatean, azaroaren 2an, Roberto Matiasek Medulak ipar mendebalde iberikoko auriar meatzaritza erromatarrean hitzaldia egingo du. Urretxuko kultur etxean izango da, 12:30ean.
Bisita gidatuak
Horretaz guztiaz gain, ohiko ekitaldiak antolatu dituzte. Aste osoan zehar bisita gidatuak egingo dituzte Urrelur museoan (kultur etxean). Astelehenetik ostegunera ikastetxeen bisita jasoko dute eta ostiraletik igandera gainontzeko bisitariena. Azaroaren 1ean, 2an eta 3an hiru bisitaldi gidatu izango dira egunero: 11:30ean bisitarien araberako hizkuntzan, 17:00etan euskaraz eta 18:00etan gazteleraz.
Museotik gertu, Iparragirre plazan, haurrek mineral eta paleontologia parkeaz gozatzeko aukera izango dute: meategia, urre bilaketa, historiaurreko pintura… eta dinosauro jaioberri bat. Parkea azaroaren 1, 2 eta 3an irekiko dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Pilotalekuan, hiru egun horietan eta ordutegi berean, mineral, fosil eta harribitxien azoka egingo dute.
Aurkezpenean Maialen Fidalgo zinegotziak ere parte hartu du. Goran aipatutako ekitaldietako batzuen berri emateaz gain, Argazkia elkarteko kideei eskerrak eman dizkie, lehiaketako oinarriak urretxu.eus webgunean daudela gogoratu du eta herritarrak parte hartzera animatu ditu.