Txita enpresakoek egingo dute banaketa, bizikleta elektrikoz
Txita enpresako banatzaileek Zumarragako azokan eta herriko dendetan egindako erosketak etxeetara eramango dituzte, bizikleta elektrikoz. Erositako produktuak asteartetan eta larunbatetan 11:00etatik 14:00etara banatuko dituzte eta ostegunetan 16:30etik 19:30era. Zerbitzua doanekoa izango da bai merkatarientzat eta bai erosleentzat, udalak ordainduko baitu.
Egitasmoaren izena Herrian erosi, etxean jaso du izena eta gaur aurkeztu dute. Ekitaldian Rosa Maiza zinegotziak eta Txita enpresako Daniel Ruizek eta Peru Ameztoik parte hartu dute.
Maizak helburuen berri eman du. «Helburua kontsumoa sustatzea eta erosketa esperientzia hobetzea da. Erosleek erosketak dendetan utzi ditzakete eta egunaz gozatzen jarraitu: paseatu, beste denda batzuetara joan… Lanarengatik edo denbora faltagatik herritik kanpo erosten dutenengana ere heldu nahi dugu. Horiek ere herrian erostea nahi dugu».
Jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra ere kontuan izan dituzte. «Egitasmo honi esker, goiko auzoetan bizi direnek ez dute autoa hartu beharrik erosketak egitera joateko. Eta plastikozko poltsa gutxiago erabiliko dira». Maizak herritarrak bertan eta bertako produktuak erostera animatu zituen. «Horrela lanpostuak mantenduko ditugu eta herria egingo dugu».
Proiektu pilotu honen aurrekontua 17.363 eurokoa da eta abenduaren 31 arte egongo da martxan. «Txitak beste herri batzuetan ere lan egiten du. Zumarragan harrera ona duela ikusten badugu, zerbitzua eskaintzen jarraituko dugu».
Merkatariak egitasmoarekin bat egitera animatu ditu. Izan ere, izena ematen duten merkatariek bakarrik parte hartuko dute. Izena emateko 688 730 048 zenbakira deitu behar da. Merkatariek dendako atean bereizgarri bat izango dute.
Txita enpresako Daniel Ruizek ere zumarragarrak parte hartzera animatu ditu. «18 urte daramatzagu Donostian banaketa jasangarria egiten. Trizikloa elektrikoa da eta ez dugu inongo arazorik izango goiko auzoetara ere heltzeko. 80 kilo eraman ditzakegu. Txakurrentzako janari poltsa handia eraman izan ditugu. Internet bidezko erosketen erosotasuna eskaintzen diegu herrian erosten dutenei. Gainera, Klik eta Jaso egitasmoarekin bat egin duten merkatarien produktuak takilara eramango ditugu».