Mikel Serrano Zumarragako alkateak prentsaurrekoa egin du gaur Eitzan, auzoko ibarraren “duintzea” abian dela ezagutzera emateko. Antio hiribideako etxebizitzen atzealdeak eraisten ari dira eta lurpean dagoen erreka azalera aterako dute. Aurrekontua 800.000 eurokoa da. Aldundiak diruaren %62,5 jarriko du eta udalak %37,5. Lanak amaitzen direnean bizilagunek parke handi bat izango dute. Egun erabiltzen ez den eremu bat berreskuratu egingo da. Obrak bederatzi hilabeteko iraupena izango du.
Eitza auzoaren zaharberritze prozesuaren barne, jaurlaritza alokairu publikoko 108 etxebizitza egiten ari da auzoaren goialdean. Giltzak 2015ean emango dituzte. Horretaz gain, ermita pareko etxea botatzen ari dira eta bertan sustapen libreko etxebizitzak egingo dituzte.