Zumarragan buzkantzarekin egindako pintxoen lehiaketa egiten ari dira. Bidezar, Hirukia, Saski, Urzubi eta Ziaboga tabernak parte hartzen ari dira. Gaur ere, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, Zumarragara gerturatzen direnek lehiaketara aurkeztutako pintxoak dastatu ahal izango dituzte bost taberna horietan.
Bidezarreko David Revueltak Lehorreko muskuilua izeneko pintxoa egin du. Muskuiluak gaztaina krema eta odolki bexamela daramatza. Pikillo piper kurruskatuarekin korala irudikatu du. Perlak irudikatzeko, berriz, ilar kabiarra erabili ditu. Algak irudikatzeko, porrua eta aza frijitu ditu. Pikillo krema ere erabili du.
Hirukia tabernako Txoni Sastrek gezurretazko flana egin du. Flana odolkiarekin egin du eta nata irudikatzeko gaztarekin egindako aliolia. Aza gorri karamelizatua, aza gorria, tipula, kakahuete kurruskaria, brokolia, errefaua, tomate bolatxoak eta loreak (apaintzeko) ere erabili ditu.
Saski tabernako Yenny Vacak txokolatezko madalena egin du. Odolkia, gazta eta piperra erabili ditu. Gainean kalabazarekin egindako konpota, fruitu gorriak eta pinaziak jarri dizkio.
Urzubi tabernako Sabino Agirreburualdek buzkantza eta bexamelaz betetako hostopila egin du, aza eta babarrunarekin. Hostopilaren gainean urdaia jarri du.
Ziaboga tabernako Aitor Alvarez de Arkaiak alde batean odolkia jarri du, erdian arrautz-irinetan pasatako porrua jarri du eta beste aldean sagar konpota aza apur batekin. Ontziak itsasontzi bat dirudi eta porruak itsasontziaren bela.
Pintxoak dastatzen dituztenek bi zozketatan parte hartu ahal izango dute. Tabernetan eskuorriak emango dituzte pintxoen truke eta horiek bete eta kutxetan sartzen dituztenek bazkari edo afari baten zozketan parte hartuko dute.
Bestalde, lehenengoz, herritarren saria emango da. Gustuko pintxoaren alde bozkatu ahal izateko, Zumarragako Udalaren Berrikusi aplikazioa jaitsi beharko da mugikorrera eta horren bidez bozkatu. Aplikazio hori mugikorrean ez dutenei aplikazioa jaisten lagunduko diete gaur goizean, udaletxe ondoan jarri duten etxolan. Botoa ematen dutenen artean beste bazkari edo afari bat zozkatuko dute.