Asteburuan buzkantzarekin egindako pintxoen lehiaketa egin da Zumarragan. Epaimahaiaren saria Bidezar tabernak irabazi du. Saria igande eguerdian banatuko dute, Zumarragako plazan, buzkantza egunaren barne. Igandean lehiaketa irabazi duen pintxoa dastatu ahal izango da Bidezar tabernan.
Bidezarreko David Revuelta sukaldariak Lehorreko muskuilua izeneko pintxoa egin du. Muskuiluak gaztaina krema eta odolki bexamela daramatza. Pikillo piper kurruskatuarekin korala irudikatu du. Perlak irudikatzeko, berriz, ilar kabiarra erabili ditu. Algak irudikatzeko, porrua eta aza frijitu ditu. Pikillo krema ere erabili du.
Zumarragako Udalak herritarren saria emateko asmoa ere bazuen, baina sareko arazo teknikoak direla medio, sari hori ez da emango. Izan ere, jakin pertsona batzuk ezin izan zuten botoa eman. Botoa eman ahal izan zutenen artean afari bat zozkatuko dute.