Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astearen 36. edizioa abian da. Urteroko moduan, txangoa, bisita gidatuak, hitzaldia, erakusketa, azoka eta haurrentzako parkea antolatu dituzte. Aurten Xabier Ormazabal urretxuarraren heriotzaren 20. urteurrena da eta omenaldia egin diote: igo zituen mendietatik ekarritako harriak eta bere espedizioetan erabiltzen zuen materiala erakutsiko dituzte. Erakusketaren izenburua Elurretako lehoinabarraren oroitarria da. Izan ere, SESBeko mendi altuenak igotzen zituenari Elurretako lehoinabarra titulua ematen zioten eta Ormazabalek balentria hori lortu zuen. Erakusketa udaletxeko portaloian ikus daiteke: gaur, bihar eta etzi 17:00etatik 20:00etara eta ostiraletik igandera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.