Beste aukera batzuk izanda ere, berriz ere zumarragarrei gehiago kobratzea erabaki dela salatu du EH Bilduk
Uraren tarifa %5 igotzearen aurka azaldu dira
Urriaren 15eko osoko bilkuran, Zumarragako PSE-EE eta EAJk uraren tarifa %5 igotzea erabaki zuten. EH Bilduk aurka bozkatu zuen eta prentsa ohar bat igorri du bere ikuspuntua azaltzeko. Horra hor prentsa oharraren edukia.
“Aquarbek jasandako ustezko desoreka ekonomikoa dela eta, PSE-EEk eta EAJk uraren tarifa %5 igotzea erabaki zuten. Enpresak, frogatu gabe eta kontu ikuskatuak aurkeztu gabe, kostuen igoera bat jasan duela adierazi du; batez ere uraren kostuaren igoerarengatik eta langileen soldaten igoerarengatik.
Zumarragako ur zerbitzuaren kontratuaren derrigorrezko luzapenaren hirugarren urtea beteko dugu laster. Izan ere, lizitazioak, esan izan dugun bezala, judizializatuta jarraitzen du eta uraren multinazionalen gudu zelai bihurtu da. Gogora dezagun aurreko kontratua ez zela luzatu. Izan ere, 15 urteren ondoren, udalaren kontu hartzailetzatik ebatzi zen horrek justifikaziorik gabeko aberastea ekarriko liokeela enpresari. Hau da, enpresak 275.000 euro inguruko gain sarrera lortuko lukeela gure fakturen bidez.
Ez da frogatutako eta ikuskatutako justifikazio ekonomikorik gabe tarifak igotzen diren lehenengo aldia eta erabaki horrek kezka eta zalantza ugari sortzen dizkigu berriz ere.
Lehenik eta behin gogoratu behar dugu gaur egun indarrean dugun uraren prezioa arautzen duen ordenantza bost urtetarako onartu zela. Hau da, ez zela inolako igoerarik aurreikusten denbora tarte horretan. Aipatutakoa, behin eta berriz gogorarazi eta errepikatu izan zaigun puntua izanik. 2022ko apirilean onartu zela kontutan hartuta, tarifa horiek bi urte baino gehixeago iraun dute, eta beraz, ez da bete emandako hitza, ez eta uraren prezioak 5 urtetan igoko ez zirela bermatzen zuen ordenantza ere.
Era berean, gogoratu behar da orain epaitegietan dagoen prozesuan parte hartzen duten enpresek 2022ko tarifetan oinarritutako eskaintza ekonomikoa egin zutela. Behin esleipena eginda 2022ko tarifetara itzuliko gara ala igoerarekin jarraituko dugu?
Behin baino gehiagotan eskatu arren, tarifak igotzeko proposamena ez dugu idatziz jaso. Beraz, argi dago zalantzak sortzen zaizkigula . Zer igoko da %5? Uraren fakturaren kontzeptu guztiak %5 igoko dira? Udalak oraingoz jasotzen dituen kontzeptuak ere bai? Izan ere, tarifak Aquarbek duen desoreka ekonomiko bat konpontzeko igotzen badira, justifikatzen al da udalak biltzen dituen kontzeptuen igoera bat?
Bestalde, zergatik planteatzen da %5eko igoera? Eta ez %10ekoa edo %2koa? Igoera eskaeraren aldeko Aquarberen txostenik ba ote zegoen galdetu behar izan dugu eta baiezko erantzuna jaso ostean, eskatu dugu. Dokumentu horretan jasotzen diren datu ekonomikoak ez daude ikuskatuta. Prozesua, beraz, ez zaigu gardena iruditu.
Gainera, kontratuaren esleipen berriaren aurrean, aurreko kontratua likidatu beharko da Aquarberekin eta une horretan, kontratistak benetan izandako gastuak eta lortutako diru sarrera errealak egiaztatuko dira. Esleipena 2025ean izatea posible dela aurreikusiz, ez al zen hobe une horretara itxarotea? Kontu ikuskatuak izango genituzke eta enpresak galerak justifikatuko balitu, legezko betebeharrengatik dagokion ordainketa egin zitekeen. Bitartean, enpresak helarazitako dokumentazioaz fidatu beharko gara.
Azkenik, herritarrei gogorarazi behar diegu Aquarbek 204.000 euroko kanona ordaintzen diola udalari, egungo tarifek sortzen duten diru sarrera soberakinagatik. Argi dago diru hori gure fakturetatik ateratzen dela, eta ez dela multinazional baten oparia.
Egoera honen aurrean, EH Bilduren udal taldetik arazoari irtenbidea emateko hainbat aukera egon zitezkeela aurreikusten dugu:
1- Uraren tarifak 2022an onartu ziren bezala mantentzea eta kontratua amaitzean, behin kontuak ikuskatuta, galerak egonez gero, legeak ezartzen duen bezala dagokion ordainketa egitea. Irtenbide hau iruditzen zaigu logikoena.
2- Aquarbek emandako datuak ontzat eman eta udalak jasotzen dituen 204.000 euroen zati bat erabiltzea, tarifak mantenduz akordio batetara iristeko. Irtenbide hori Aquarbek ere proposatu zuen baina bistan da ez dela kontuan hartu.
3- Aquarbek emandako datuak ontzat eman eta tarifen igoera neurtuagoa ematea, desorekaren zati bat ordaintzeko 204.000 euroko diru sarrera erabiliz.
4- Aquarbek emandako datuak ontzat eman eta Aquarbek eskatzen duen igoera ur tarifei aplikatzea, herritarren gainean zama, balizko desoreka jarriz. Gobernu taldeak hautatutako irtenbidea.
Lau aukeren artean, udal gobernuak herritarren poltsikoarentzat kaltegarriena dena aukeratu duela uste dugu.
Beraz, tarifa igoerak zalantza eta galdera ugari sortu dizkigu eta horiek erantzunik gabe geratu ziren gure aurkako botoarekin, uraren tarifaren %5eko igoera onartu zen udalbatzan”.