Ramon Arbizu Urretxuko alkate ohia hil da. Arbizuk bere abizena daraman edari banaketa enpresa sortu zuen Isidro Arbizu aitarekin batera, duela 65 urte. Horretaz gain, Urretxuko alkate izan zen 1987tik 1995era Eusko Alkartasuna alderdiarekin. Alkate izan zen garaian Mugitegi industrialdeko lehen fasea egin zen, Pagoetako igerilekua inauguratu zen eta herriaren zaharberritzea abiatu zen. Madaiako eta Ederrena pilotalekua zegoen tokiko etxeak egin ziren, besteak beste. Bestalde, Urretxu bera alkate zen garaian anaitu zen Alemaniako Schwarzenbruck herriarekin.
1995etik 2007ra alkate izan zen Pello Gonzalezek berarekin lan egin zuen eta bere “gertutasuna” azpimarratu du. “Kaleko alkatea zen, ez zitzaion bulegoa gustatzen. Kalean egoten zen bizilagunekin eta guztien zalantzak argitzen zituen. Lagun handia zen. Galera handia da”, esan du.
Hileta elizkizuna gaur (osteguna) izango da, 18:00etan, Urretxuko San Martin de Tours elizan. Urretxuko beilatokia 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 17:30era irekiko dute.