Marrazki erakusketa irekiko du gaur Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
Ramon Sanchez Alfonso urretxuarrak Cómo hemos cambiado (Nola aldatu garen) erakusketa irekiko du gaur, 18:00etan, Zumarragako kultur etxean. Pertsonaia ezagunak marraztu ditu, baina generoa, adina edo arraza aldatuta. Helburuetako bat marrazki bakoitzean nor ageri den asmatzera jolastea da. Erakusketa azaroaren 12ra arte egongo da zabalik.
Sanchezek betidanik du gustuko marraztea. Bere zaletasuna osaba batengatik datorkiola uste du. «Umetan osabaren lanak ikusten nituen eta niri ere asko gustatzen zitzaidan marraztea. Osabak Angel Alfonso du izena. Navasfriasen (Salamanca, Espainia) bizi da».
Osaba autodidakta da. Bera ez, ordea. «7-8 urterekin Felix Vaquerizaren eskolara joan nintzen. Ondoren, Zumarragako arte ederren eskolara joan nintzen. Hasieran Begoña Idiakezekin eta gero Laura Zendoiarekin eta Dorleta Ugartebururekin. Utzi egin nuen eta handik urte batzuetara Urretxuko arte ederren eskolara joan nintzen, Aitor Etxeberriarekin. Bi edo hiru urte eman nituen berarekin. Ordutik, nire kasa aritu naiz», azaldu du.
Hainbat erakusketa egin ditu, baina azken urteetan ezin izan du nahi bezainbeste marraztu. «Familia izan nuen eta beste gauza batzuk egitea ere gustatzen zait (mendira joatea, kirola egitea, musika…). Ez dut nahi bezainbeste denbora. Erakusketa hau helburu bezala jarri nuen, berriro seriotasun apur batez marrazteko. Izan ere, urte batzuetan ez dut asko marraztu. Bozetoak egiten nituen, libreta txiki bat beti nirekin eramaten baitut, baina ez nuen gauza handiagorik egiten. Erakusketa hau berriro hasteko aitzakia izan da. Ea margotzen ere hasten naizen».
Hasierako helburu gisa egunero marrazki bat egin nahi zuen, baina asmoz aldatu behar izan zuen. «2023ko urtarrilaren 1ean hasi nintzen, baina 7an utzi beharra izan nuen. Ezin nuela egin konturatu nintzen. Hori dela eta, erakusketa bat egitea jarri nuen helburu bezala. Gaiari dagokionez, pertsonaia ezagunei generoa aldatzea erabaki nuen: kultura mundukoak, komikietakoak… Mutilak neska bilakatu ditut eta neskak mutil. Mihise txuriaren aurrean, adina eta arraza ere aldatzea erabaki nuen».
Erakusketaren helburua ez da ezer aldarrikatzea. «Horrela hartu daiteke, baina ez da hori helburua. Behin hasita, marrazki askotan gizonezkoak emakumezko bilakatu nituela konturatu nintzen. Hori dela eta, orekatzen saiatu nintzen».
Helburuetako bat jendearekin jolastea da. «Kontua ez da marrazkiak ikustea eta beraien kalitatea epaitzea bakarrik, baita jendeak jolastea ere. Parte hartzea nahi dut. Marrazki errealistak dira eta, beraz, ez da zaila asmatzea. Kasu batzuetan jendeak ez du asmatuko. Hori dela eta, tituluak pista bat ematen du. Gainera, marrazki bakoitzaren ondoan borobiltxo bat jarri dut eta horren barruan marrazkitxo bat jarri dut. Hori ere pista bat da».
Dagoeneko beste egitasmo bat du eskuartean. «Erakusketa hau gozatzeko egin dut eta gozatzea lortu dut. Orain beste egitasmo bat dut eskuartean, baina erakusketa honek denbora asko kendu dit. Ea erakusketaren ondoren besteari heltzeko denbora gehiago dudan».