Bizimodua asko aldatu da azken hamarkadetan, baina zenbait ohiturek tinko eusten diote: tabernak sozializatzeko gune garrantzitsuk dira oraindik. Gure bizipen asko tabernekin lotuta daude. Hala, urretxuarrek eta zumarragarrek gogoan dituzte oraindik garai bateko taberna asko.
Urretxu eta Zumarragako taberna giroa ondo ezagutzen duen bizilagunik bada, hori Mario Pisani (Juan Tirapu) da. Izan ere, oso gaztetatik herriko ekimen askotan parte hartu du. Gainera, tabernaria izan zen: Casino elkarteko atezaina eta Versalleseko nagusia, hain zuzen ere.
Taberna bakoitzaren berezitasunak ondo ezagutzen ditu. Ezkiotarra taberna hasieran Iparragirre kalean egon zela eta ondoren Baroikoa etxera eraman zutela gogoratzen du. «Etxeberri ezkontzak ematen hasi aurretik, Ezkiotarrak ematen zituen ezkontza handienak. Urretxun Isabel eta Boni ere sekulakoak izan ziren. Tabernak ziren gazteok genituen poz bakarrak. Etorkin asko zeuden eta asko apopilo bizi ziren. Hori dela eta, tabernetan ordu asko ematen zituzten».
Zumarragako tabernak ere ondo gogoratzen ditu. «Elizkalen Goialde eta Eusebio zeuden. Goialdeko neska bi herrietako jatorrena zen, Subijanarekin lan egiten bukatu zuen. Eusebio, berriz, Zumarragako Trikitixaren topalekua zen».
Lopetegiren artikulua
Pisanik garai hartan egun dagoeneko ez dauden beste taberna asko zeudela gogoratzen du: Mordo, Txiki, Euskalduna, Paraiso, Meliton, Pacorro, Sagaspe… Fermin Lopetegik 1970eko eta 1980ko hamarkadetako tabernei buruzko artikulu bat idatzi zuen Urola Garaia XX. mendea liburu bildumarako. Bertan, bere familiak Sagaspe taberna izan zuela eta bazkari asko ematen zituztela gogoratzen du. Izan ere, Sagaspe Orbegozo lantegitik eta tren geltokitik gertu zegoen.
Bere artikuluan beste taberna asko aipatzen ditu: Jose Mari eta Puriren Unanue, Politenako Rosaren bisigua, Kortaberriko entsaladilla eta sardina zaharrak, Mordoko frijituak, Pacorroko kirol emaitzen arbela, Paraisoko arrain zopa, Euskalduna, Gau Txori, Juanita, Gure Kabiya, Meliton, San Isidro auzoko Garrido eta Pasaje, Antioko Elizalde eta seroraren etxea, Gernikako Arbola plazako Aramendi eta Toki Alai…
Aipatu bezala, Tirapu ere tabernaria izan zen. Jubilatu aurreko azken urteak Zumarragako Versalles tabernan eman zituen. «Versalles 1962an ireki zen, trenbide gaineko zubia egin zenean. Zubi hori egin aurretik, zonalde hartan La Salle-Legazpi ikastetxera daraman zubi estua bakarrik zegoen. Zubi berria Orbegozoko kamioientzat egin zen, ordura arte trenbide gainetik pasa beharra baitzuten. Zubia egin zela baliatuz, etxeak ere egin ziren. Etxe horietako batean, Roberto Silanesek Versalles taberna ireki zuten».
Garai bateko Versalles
Dirudunentzako taberna zen. «Silanesi Faustino Orbegozok lagundu ziola esaten zen. Herriko dirudunentzat zen. Gainontzeko tabernetan txikitoak 50 zentimo balio zuen eta Versallesen 3 pezeta. Ez zegoen ardo arruntik. Botila guztiak kortxodunak ziren. Eta zerbitzariak pajarita eta guzti janzten ziren. Miradoreak sekulako arrakasta zuen. Telefono kabina eta guzti zuten bezeroentzat. Beheko lokalean, berriz, dantzaldiak antolatzen zituzten bikoteentzat. Atezaina eta guzti zuten. Ondoren, diskoteka izan zen. Baina, Zumarragan ez zegoen horrenbeste dirudun eta, gainera, dirudunek nahiago zuten herritik atera. Hori dela eta, berehala taberna arruntagoa bilakatu zen. Jabe asko izan zituen. La Gallega bezala ezagutzen genuen emakumeak eta bere alabek izan zuen garaian arrakasta handia izan zuen».
Tirapuk 1995ean hartu zuen Versalles taberna. «Ordura arte bideoteka izan nuen. Versalles hartzea eskaini zidaten eta hartzea erabaki nuen. Izan ere, negozioa ondo ezagutzen nuen: lehenago Casino elkarteko atezaina izan nintzen. Versalles hartu nuenean 55 urte nituen dagoeneko eta bertan jubilatu nintzen, 2003an. Versallesen oso ondo pasa nuen. Txikiteroak joaten ziren batez ere. Bezeroak ni zirikatzera joaten ziren eta azkenean beraiek haserretzen ziren. Bezeroak beti arrazoi duela esaten da, baina nik arrazoia zutenean bakarrik ematen nien».
Casino
Casino elkartean gehiago sufritu zuela dio. «Aberatsen atezaina izatea oso gogorra da. Han bazkideei arrazoia ematera behartuta nengoen. Dantzaldiak nik antolatzen nituen, hortik ere dirua ateratzen nuen, norbaiti ez zitzaion gustatu, trabak jartzen hasi ziren eta utzi egin nuen».
Ordutik, bezeroa da. Eguerdiro bueltatxoa ematen du Urretxuko tabernetatik. Bere kapela eta bere agurra (Egun on denei, bati ez ezik!) sinbolo bilakatu dira jada.